Musika

«Nahi gabe sortu dut fusio bat, eta gustatuko litzaidake hemendik aurrera hortik jarraitzea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 00:00

Aurreneko diskoa, 'EskuMinak', aurkeztu berri du Ainhoa Larrañagak.

Aurreneko diskoa kaleratu berri du Ainhoa Larrañagak; 'EskuMinak'. Internet bidez, 'ainhoaeskuminak@gmail.com' helbidera idatzita erosi daiteke. Proiektu gehiago ere baditu buruan.

EskuMinak, nori?

EskuMinak da kanta batzuk egin nituelako orain bi-hiru urte. Kanta guztiak nire bizitza pertsonaleko gaien ingurukoak dira, eta edozeini gerta dakizkiokeen egoerez ari dira. Beste batzuk orain dela gutxi egindako kantak dira. Baina, sentimendu eta pertsona haiei, momentu haietan inguruan nituenei, dagoeneko ez daudenei, agur polit bat eman nahi nien. Azkenean, ni naizelako; nire kantak dira eta maitasunez kantatzen ditut. Gehiago zen borobiltzeko, lehen nintzen hori. Gainera, hitz jokoa ere bada; kolore gorri eta beltzez idatzita dago, ‘eskuetan mina’ ere adierazi nahi nuelako, neukan horrek min egiten zidalako, baita ere.

 

Zerk egiten zizun min?

Asko agertzen dira menderakuntzako erlazioak. Edo etxean bakarrik gaudenean egiten ditugun hausnarketak, gure buruari kaña sartzen. Nahiko kaña sartzen diet letretan, nire buruari eta ingurukoei. Mina azkenean hori zen, kantatzen nuena kezka bat zelako, edo oroitzapen bat edo kritika bat.

 

Hor denean, nola aukeratzen da single-a?

Kantu mugitua aukeratu dut. Bakarra da, oso pertsonala ez dena. Pisuzkoa du letra, baina ez dago inor nahastua. Neutroa da.

 

Estiloari dagokionez, jazz, swing, soul… Definitu daiteke zure estiloa?

Nik ere ez dakit! Konturatu naiz fusio bat sortu dudala. Metrikoki pop-a da. Ez dauka metrika klasikorik. Baina erabiltzen ditudan instrumentuak eta soinuak ez. Nahi gabe sortu dut fusio bat, eta gustatuko litzaidake hemendik aurrera hortik jarraitzea. Gainera, kanta guztiak oso desberdinak dira beraien artean: jazz klasiko puntuduna, soinu bereziak dauzkana, pianoan bestea, funky-a...  Ez dago ezer, nire ustez, oraindik, markatzen duena nire estiloa. Denari ekiten diot.

 

Nola iritsi zara denak lantzera?

Entzuten dudan musika da. Denboraldi batean izan nuen nire radarra galduta musika aldetik, asko jaten nuen besteek entzuten zutenetik. Gero hasi nintzen ikasten nire kriterio propioa edukitzen. Orduan, asko jotzen nuen jazzera, swingera, soulera, RnBra… Horrelako musika estilora. Nahi gabe, jan egiten duzu. Eta horregatik, musika sortzean ere, ateratzen zitzaidan entzuten nuen hori. Gainera, ikusten nuen euskeraz ez neukala horrelako musika estilorik, gaur egun. Ez daukat horrelako musika sortzen duen erreferenterik. Orduan, asko jotzen nuen nazioartekora. Etxean udaran amak askotan jartzen zidan jazza esnatzeko. Da estilo bat, gehien iristen zaidana. Entzuten duguna sortzen dugu. Entzuten dudan musika da.

 

Euskeraz egitea garrantzitsua zen zuretzat?

Natural atera zitzaidan, niretzako kantak zirelako. Ez nekien honetara iritsiko nintzenik. Ez dakit gazteleraz idazten oraindik. Ez naiz gustora sentitzen. Esploratu behar dudan alderdi bat da. Musika nazioartekoa izatea ondo dago, denek eusteko musika horri. Ez nuen nahi folklorea. Azkenean, beste nonbaiteko folklorea ez dut gertu sentituko, baina jazza, beste hizkuntza batean izanda ere, sentitu dezaket nirea bezala.  Beraz, euskeraz idatzi nahi nuen, ez beste hizkuntza batean, horrela sentitu nuelako sortzean. Ikusten ari naiz baita ere, musika aldetik badagoela iraultza moduko bat. Eboluzionatzen ari da euskal musika ere. Batzuek egiten dute reggaetona euskeraz, auto-tune gabe, eta ulertzen da oso ondo, zer esaten duten. Ikusten dut aurrera egiten ari garela eta nik horretan parte hartzen dudala uste dut, eta gustatuko litzaidake euskeraz kantatzen jarraitzea. Nire hizkuntza da eta horrela sentitzen ditut hitzak.

 

Kantu batzuk zaharragoak dira... Nolakoa izan da diskoa egiteko prozesua?

Nik nire kantak banituen, baina edozeinek izan ditzakeen bezala. Garai horretan, Iker Laurobarekin egiten nituen kontzertu batzuetan bigarren ahotsak. Eta egun batean ausartu nintzen kanta batzuk kantatzera. Gustatu zitzaizkion,  eta esan zidan etxean bazegoela grabatzeko modu bat. Baina haunditu egin zen dena, Katapultan (euskal sortzaileak promozionatzen dituen plataforma) izena eman nuelako. Hartu egin ninduten. Baina esan zidaten bi hilabetetan eduki behar nuela prest talde oso bat, jakin bakarlari izango nintzen edo talde bat, zein izango zen izena, zenbat kantukoa izango zen diskoa… Nik ez neukan kanta bakar bat ere egina musikalki. Etxeko txapuzak ziren. Beraz, bi hilabetetan bost lagun hartu eta hasi ginen sortzen. Nireak ziren ideiak, esaten nuen nola nahi nituen, eta joan ginen sortzen. Orduan bai, pentsatu genuen eskuartean bagenuela zerbait. Gainera, disko bat ere behar zen Katapultari emateko. Beraz, Axular, Mutrikuko estudioa ezagutzen nuen Go!azen-etik, eta hara joan ginen. Nire ametsa zen hau, eta gizendu egin nuen. Pixka bat korrika eta presaka ibili gara, baina asko disfrutatu dugu. Ikaragarria izan da zein garapen izan duen.

 

Gazte eta hasiberri, nola kudeatzen da talde bat?

Erreparoa ematen zidan. Hauek denak musikariak, eta nik ez dakit ezer! Gainera, ni baino zaharragoak dira... Baina banekien zer nahi nuen, eta oso ondo ulertzen naute. Asko eskertzen diet nirekin egotea. Oso onak dira. Diskorako ez zuen balio, baina zuzenekoetan, kantuen artean soloak dauzkate denek. Ukitu hori eman nahi nion.

 

20 urte oraindik egin gabe ere, esperientzia faltarik ez daukazu… Go!azen, Jazzaldia, kolaborazioak… Esperientzia horietatik zer gordetzen duzu?

Aportatu didate egun naizena. Apaltasuna, lan egiteko jarrera, harremanak nola eraman, nola kudeatu hori guztia eskuartean edukitzea, jakitea zertan ari zaren eta zeinentzako egiten ari zaren egiten ari zaren hori… Ikasi dut asko. Pertsonalki hazi naiz asko. Lehen oso autoestima bajua nuen, eta orain askoz hobeto nago. Bihotza betetzen didan lan bat da.

 

Orain Madrilen interpretazioa ikasten ari zara. Diziplina desberdinak jorratu nahi dituzu?

Kontua da musika aldea dela Ainhoa Larrañaga espresatzeko bide bat, nire burua espresatzeko. Baina interpretazioa da, baita ere, filtro bat, zu izateko, edo zure ni-a espresatzeko. Dira bi gauza ikaragarriak. Eta nik aktore izan nahi dut. Jarraitu nahi dut lanean. Prest nago. Eta horretan nabil, kasting-ak egiten. Ez dit mundu batek bestea jaten. 

«Ez daukat horrelako musika sortzen duen erreferenterik [euskeraz]»

Aukera gehiago dago Madrilen?

Ikasteko bai. Han daude eskola pila bat, metodologia pila batekin. Aukeratu dezakezu nahi duzun guztia, dirua baldin badaukazu, noski! Zaila egiten zait oraindik independiente izatea… Baina, hango jendea da izugarria. Oso irekia da. Hainbeste jende dagoenez, pertsona desberdin bat ez da desberdina. Gainera, badirudi, gero eta desberdinagoa, hobea dela. Asko gustatzen zait giro hori. Han ezagutzen hasi naiz musikari pila bat. Taberna batean ere eskaini didate kantatzeko, eta interpretazioaren aldetik, kasting asko dago. Han egon nahi dut. Artistak daude toki guztietan. Inspiratu egiten zaituzten pertsonak dira, zu egiten ari zarena egiten ari direlako. Ikasi egiten da besteengandik. Pisukideak ere, biak, aktoreak dira, eta asko laguntzen diogu elkarri.

 

Diskoa bukatu duzu. Baina, horrekin bukatzen da lana?

Ez da bukatzen, ez! Kontzertuak daude. Martxoaren 6an, Emakumearen Egunaren bueltan, Sara Zozaya, Belako, Maren eta ni izango gara, bakoitza 20 minutuko kontzertuak ematen. Eta gertatuko dira gauzak. Ondo datorkit. Inbertitu dudan dirua bueltan etortzen delako; Madrilen ikasten jarraitzeko behar dut. Ez da merkea. Lana sortzen zaidan bitartean, itzuliko naiz. Egiten ari naiz ikasten ari naizen hori.

 

Disko aurkezpena Dokan egin zenuen hilaren hasieran. Zer moduz sentitu zinen?

Oso ondo! Ikaragarrizko kontzertua izan zen, borobila atera zen. Musikariak ere oso pozik geratu ziren eta esan zidaten bolorik onena izan zela. Kontzertu erdian negarrez hasi nintzen. Ohituta nago publikoak ni ez ezagutzera. Baina egun horretan nire lagun guztiak zeuden, familia… Denak ezagunak ziren eta inpresioa egiten zuen. Badakite nondik natorren. Momentu batean eskerrak ematen hasi nintzen eta emozionatu egin nintzen. Jendeak gero esan zidan nirekin emozionatu zela.

 

Gehiago izango dira?

Nire asmoa da kontzertuak ematea eta diskoak saltzea. Deitzen badidate, baietz esango dut. Eta deitzen ez badidate, nik joko ditut ateak!

 

Nola daramazu horrek dakarren beste lan hori guztia?

Oso gaizki! Fakturak eta abar! Ez nekien musika mundua horrelakoa izango zenik. Banekien zure kontuak eraman behar zenituela, baina ez nekien hainbeste papeleo egongo zenik. Gai delikatuak dira, eta ikasten ari naiz azaltzen didatelako eta laguntzen didatelako… Baina batxilergoan erakutsi behar lukete!

 

Madrilen interpretazioarekin ari zara. Eta musikalki?

Nire kabuz. Nire bziitza pertsonaleko denbora erabiltzen. Orain, adibidez, musika elektronikoa sortu nahi dut, akustikoarekin batera. Konposatzeko era desberdinak bilatzen ari naiz, mobileko aplikazio batetik, ekipo bat erosita... Nahiko autonomoki ari naiz. Baina gitarra klaseak hartu nahi ditut. Ez nekien konposatzen eta belarriz egin dut. Ez dakit gehiago, eta beraz, ikasi egin nahi dut, soinu desberdinak ikasteko, sortzen jarraitu ahal izateko.

 

Proiektu hau bukatu gabe, gehiago dauzkazu!

Bai! Hau grabatu bitartean banituen beste kantu batzuk gordeta. Izango da gehiago!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!