literatura

'Koaderno gorria' liburuari buruz solasean gaur, ikuspegi feministatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan izango du otsaileko saioa, Udal Liburutegian, Kattalin Minerrek gidatutako mintegiak. Izena eman behar da.

Segida izango du gaur, Hernaniko Udal Liburutegian, Kattalin Minerrek gidatutako literatur mintegiak: Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik. Eta beraz, hilero bezala, liburu bat irakurri eta hari buruz solasean ariko dira, ikuspegi feminista batetik begiratuz. Oraingo txandan, Arantxa Urretabizkaia idazlearen Koaderno gorria izango dute esku artean.

Arratsaldeko 19:00etan hasiko dute saioa, eta doakoa eta irekia da partehartzea, 16 urtetik gorakoentzat; baina horretarako, aldez aurretik eman behar da izena, Udal Liburutegian bertan, espazioa mugatua baita.

Arrazoi politikoak tarteko, bere senarra eta umeak utzi behar izan zituen emakume bat da protagonista. Zazpi urtez haien berri ez izan ondoren, jakin nahi du nola iritsi haurrekin harremana izatera, haiek oraindik gogoan ote duten edo amaordekoak bete duen haren lekua... Horretarako bidali du mezularia Venezuelara, Koaderno Gorriarekin.

Maitasunari buruzko bi liburu gomendatuta, liburutegiak
Bestalde, liburu berriak gomendatzen ditu Hernaniko liburutegiak, tarteka; eta atzokoan, maitasunari edo maiteminari buruzko bi liburu gomendatu zituen: Miren eta erromantizismoa, Ramon Saizarbitoriarena; eta Breves amores eternos, Pedro Mairalena. Gomendatutako liburuak ikusteko: liburutegia. hernani.eus/gomendioak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!