INUDE ETA ARTZAIAK

Inude eta Artzaiak izango dira gaur kaleetan barrena, Inauteriak badatozela iragartzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 16a, 00:00
Inude eta Artzaiak, herriko plazan eskaini zuten ikuskizunean, aurreko urtean.

Urtero moduan, Hernaniko Urumea Ikastolak, Inauteriei sarrera emateko asmotan, Inude eta Artzainen konpartsa aterako du gaur eguerdiko 11:45etan, eta giro ederra jarriko dute Kaxkoan.

Urteroko zita moduan, eta datorren asterako prestatzeko,  Urumea ikastolak, Inauterien iragarpen gisa, Inude eta Artzaiak konpartsa antolatu du, gaur eguerdirako. 11:45etan izango da konpartsaren irteera. 
Kaxkoko zenbait kale igaro ondoren, Gudarien Plazan ekitaldi nagusia egingo da. «Inudeak daramatzaten haurrekin txertoak eman ondoren, udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete, beren izenak erregistroan gera daitezen». Jarrraian arin-arina dantzatu ostean, konpartsa Urumea Ikastolara itzuliko da.

27garren edizioa, aurtengoa
Aurten, 27garrenez aterako da Inude eta Artzaiak konpartsa. Bertan 160 umek hartuko dute parte, eta horietatik 48 dantzariak dira. Hauen aurretik garai bateko zenbait, pertsonai ikusi ahal izango dira, hala nola, globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal ordezkariak, sendagileak, erizainak, argazkilariak... 
Dantzari eta pertsonaiekin batera, txarangako musikariek ere parte hartuko dute eta «50 bat ikasle danbor joleak ere ariko dira, erritmoa jartzen».
Gaurko ibilbidea honekoa izango da: Urumea ikastolan hasiko da (Gay Mur eraikinean), Sandiusterri, Elkano Kalea, Gudarien Plaza, Andre Kale, Plaza Berri, Kale Nagusia, Zinkoenea, Txirrita kalea Izpizuaraino, Izpizua kalea, Urbieta kalea, Kale Nagusia, Gudarien plaza eta azkenik, Elkano kaletik Urumea Ikastolaraino.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!