Inauteriak

«Oso koloretsuak izaten dira Hernaniko Inauteriak, eta hala irudikatu nahi nituen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Oihana Villalba hernaniarrak enmarkatuta dauzka, kartel irabazlea eta Kronikako albistea, lehiaketa irabazi zuenekoa.

Soilik 12 urterekin irabazi du Oihana Villalba hernaniarrak, Inauterietako kartel lehiaketa. «Txikitatik gustatu zait marraztea, eta akuarela dut gustukoen, kolore asko dituelako».

Inauteri garaian sartuta gaude, bete-betean. Eta Hernanikoek, hasi aurretik ere, ez dute faltako gaztetasunik eta kolorerik. Izan ere, halakoak dira aurtengo Inauterietako kartela, eta haren egilea: 12 urterekin irabazi du kartel lehiaketa, Oihana Villalba hernaniarrak; eta ezin koloretsuagoa da bere marrazkia.
«Ez nuen irabazterik espero, sekulako ilusioa egin zidan. Bozketara pasa ziren beste kartelak ikusi nituen, eta oso politak iruditu zitzaizkidan», kontatu dio Kronikari.

Edozein kasutan, bere proposamenarekin pozik zegoen hernaniarra: «egia esan, gustura ge­ratu nintzen egindako lana­re­kin; denbora asko eskaini nion, eta gustatu zitzaidan, nahi nu­en bezala geratu zelako».

Baina hala ere, sorpresaz hartu zuen; hasteko, bozketara sailkatu izana: «ilusio haundia neukan, baina ez nuen uste epaimahaiak nire kartela aukeratuko zuenik, herritarrek bozkatu behar zituzten kartelen artean». Puntu horretara iritsita, boto batzuk ziurtatuta zeuzkan: «lagunek esan zidaten nirearen alde bozkatuko zutela. Eta irabazita, denek zoriondu naute», azaldu du irripartsu.

Marrazki koloretsua, Hernaniko Inauterien elementu bereizgarriekin

Garbi zeukan Oihana Villalbak, akuarelarekin egin nahi zuela bere kartela: «marrazteko, akua­rela gustatzen zait gehien; ia beti marrazten dut akua­relarekin. Kolore asko dauz­ka, eta asko gustatzen zait nola geratzen diren marrazkiak. Oso marrazki koloretsuak izaten dira. Eta marrazteko, errazena da niretzat».

Nabarmena da hori, 2020ko Inauterietako kartelean: «Hernaniko Inauteriak oso koloretsuak izaten dira, eta hala irudikatu nahi nituen. Ez zedila izan kartel bat gris kolorekoa, baizik eta kolore biziak zituena». 

Eta kolorearekin batera, herriko Inauterien beste hainbat elementu bereizgarri ere txertatu ditu hernaniarrak: «txertatu nahi nituen, Hernaniko Inauteriak bereizten dituzten gauzak; adibidez, hemengo buruhaundi eta erraldoiak, Azeri Dantza, sardina, eta botila bat ere bai, sagardotegiei erreferentzia eginez», azaldu du.

Akuarelarekin egin du kartel osoa, eta boligrafoa erabili du marrazkiak errepasatzeko.

«Txikitatik gustatu zait marraztea; etxean beti aritzen naiz marrazten»

Aurreneko kartel lehiaketa izan du Inauterietakoa, hernaniar gazteak: «ez dut beste lehia­ke­taren batean parte hartu orain arte. Baina akaso hemendik au­rrera bai...». Edonola ere, ez da hasiberria, marrazki kon­tu­etan: «txikitatik gustatu zait marraztea. Etxean beti aritzen naiz marrazten».

Etxetik datorkio marrazteko afi­zioa, Oihanari: «aitari asko gustatzen zaio marraztea. Eta amak ere eman ditu marrazketa klaseak». Peio Villalba artista hernaniarra du aita, hain justu: «berak asko erakusten dit, tek­nikak nola hobetu, nola egin ma­rrazki haundiagoak...». Joan den urtean, gainera, Hernaniko beste artista batekin eman zuen ikastaroa, Ainara Azpiazu Axpi­rekin, hain zuzen ere.


Denetik marrazten du berak, pertsonak, paisajeak... Baina ba­da marrazki mota berezi bat, oso gustuko duena: «begiak egi­tea gustatzen zait. Soilik begi bat marraztu, eta barruan pupilak kolore askorekin margotu».

Lehiaketa gazte irabazi iza­nagatik ere, ez dut etorkizunera begiratzen: «marrazten eta mar­gotzen jarraituko dut, eta dis­frutatu nahi dut», dio.
Eta berdin gozatu nahi du, baita ere, aurtengo Inauteriez, urtero bezala: «koadrilan beti ateratzen gara ospatzera, eta ka­rroza egiten dugu urtero. Aur­ten, aterako gara batzuk me­xikarrez eta besteak Katri­naz (apain­du­tako eta dotore jantzitako kala­berak). Aurre­ko­etan, musikal bat irudikatu dugu, Asterix eta Obe­lix izan gara, txinatarrak, Bollywood, astro­nautak, zirku­ko pertsonaiak...».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!