Boleibola

Hernaniko mutilek gaur Navarvoley liderraren bisita, kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

16:00etan jokatuko dute lehenengo pistan eta irabazteko aurreko asteko maila igo beharko dute hernaniarrek. Aukerak badituzte.

Hernanik Navarvoley liderraren bisita jasoko du, 16:00etan, kiroldegiko lehenengo pistan. Partidu zaila, baina era berean erakargarria dudarik gabe aurreneko sailkatuak eta bosgarrenak jokatuko dutena Euskal Ligako hamalaugarren jardunaldian.

Iruñerriko taldeak partidu bakarra galdu du eta hori lehendabiziko jardunaldietan gertatu zen. Hamar partidutik gora daramatza galdu gabe, nahiz eta aurreko astean larri ibili etxean.  

Hala ere, Hernanik irabazteko aukerak baditu, baina horretarako aurreko astean baino hobe jokatu beharko du. Teknikoki akatsak egin zituzten eta horiek ez dituzte barkatzen nafarrek. Hernanik bederatzi partidu irabazi ditu eta bosgaren postua ziurtaturik du. Helburua  oraingoz liderra gainditzea da.

Bihar neskak, Arantzazuko Amaren aurka

Bihar neskek hartuko dute lekukoa kiroldegian. Gipuzkoako Ligan jokatzen ari dira eta lider daude sailkapenean. 12:00etan Arantzazuko Amaren aurka jokatuko dute eta berez hernaniarrek irabazi beharko lukete, sailkapenari erreparatu ezkero, baina kirolean edozer gertatu daiteke. Kadete nesken bigarren taldeak ere etxean jokatuko du gaur, 12:00etan Fortuna 1-en kontra. Beste taldeak, hiru guztira, kanpoan ariko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!