Atzerritartasun Legeari buruz, informazio saioa

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Asteazkenean izango da Biterin, Amher eta Udalak antolatuta, 19:00etan. Aurretik izena emateko eskatu dute.

Udalarekin eta Sos Arrazakeriarekin elkarlanean, Atzerritartasun Legearen inguruko informazio saioa antolatu du Amher elkarteak, datorren asteazkenerako, Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eskutik. Biteri kultur etxean egingo da, otsailaren 19an, arratsaldeko 19:00etan hasita.


Aurretik, izen-ematea
Saioa gidatzeko, eta lege honen inguruko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko, Sos Arrazakeria elkarteko Elena Stati etorriko da. Legeak nori eta nola eragiten dien azalduko du, noizkoa den, zein aldaketa izan dituen...

Asteazkenekoa Atzerritartasun Legearen inguruko lehenengo saioa dela argitu dute. Parte hartzea irekia da, baina hobeto antolatzeko, bertaratu nahi dutenei izena emateko eskatu diete. Horretarako, izena eta abizenaren berri eman behar da, Amher elkartearen telefono mugikorrera deituta: 671 116 414 telefonora, hain zuzen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!