Atletismoa

55garren edizioa izango du biharkoa, Adarraga Memorialak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Atletismo pistaren barruan zein kanpoaldean ariko dira bihar, korrikalariak.

Goizeko 11:00etan hasita, bost lasterketa izango dira, Hernaniko atletismo pistan.

Denboraldiko egun berezienetakoa izango dute biharkoa, Her­naniko atleta gaztetxoek. Izan ere, etxean ariko dira, Sagastialdeko atletismo pistan, Adarraga Memorialean parte hartzen.

55garren edizioa izango du probak, aurtengoa; eta goizeko 11:00etan hasiko dira lasterketak. Guztira, bost txandatan aterako dira, maila ezberdinetako partehartzaileak. Atletismo pistaren erdiko berdegunean, pistaren inguruan zein kanpo­aldean ibiliko dira korrika.

Mutil infantilen txanda izan­go da aurrena, 11:00etan pun­tuan; eta 2.736 metroko ibilbidea osatu beharko dute haiek. Segidan aterako dira neska infantilak, 11:20etan, pixka bat laburragoa izango den ibilbidea egiteko: 2.122 metro. Distantzia hori bera osatu beharko dute mutil alebinek, 11:35etan abiatuta; eta 1.508 metro egingo dituzte neska alebinek, 11:50etan hasita.

Benjamin mailako korrikalarien lasterketak emango dio bukaera goizari. 12:00etan abiatuta, 670 metroko ibilbidea izango dute aurretik.
Gipuzkoako Txapelketa, jokoan

Adarraga Memoriala ez ezik, jokoan izango da biharkoan, Hernanin, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa ere, kros modalitatean, alebin eta infantiletan.
Bihar bertan jokatuko da, Ortuellan (Bizkaia), Euskadiko Kros Txapelketa, master mailetan: 35, 40, 45, 50 eta 55 urtetik gorakoetan, hain justu. Goizeko 11:00etan hasiko da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!