Zailtasunak zailtasun, irabazi beste aukerarik ez daukate trikoloreek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Loketi Manu, zigor kolpe bat gauzatzen, Cienciasen kontrako partiduan.

Denbora bukatzen ari zaio Hernaniri, beste denboraldi batez errugbiaren Ohorezko Mailari eus­teko. Gogo eta kemenik ez dute falta izan trikoloreek orain arte, ezta joko onik ere, partidu askotan; baina garaipenek eta puntuek ihes egin diete.

Eta bi asteburuko atsedenaren ondotik, ligako azken txanpari ekiteko prest daude hernaniarrak. Hemendik aurrera, zailtasunak zailtasun, irabazi beste aukerarik ez daukate, ahal duten partidu guztietan. Aurrenekoa gaur izango dute, etxean, zaleen babesean. Arratsaldeko 16:00etan hasita, San­tanderreko Independiente hartuko dute Landaren; sailkapenean seigarrena.

Maila haundiko taldea izango da bisitan, beraz; baina horri erreparatu gabe zelairatu beharko dute trikoloreek, eta garaipena bilatu, hasieratik bukaerara.

Denboraldi honetan bertan, erreferentzia ona dauka Hernanik: joaneko partiduan, Santanderren, puntu bakarreko aldearekin galdu zuen (22-21).

 

Hiru partidu garrantzitsu, eta martxoan etena berriro

Gaurko partiduaren ondoren, bi partidu garrantzitsu izango ditu Hernanik, hurrengo bi asteburuetan: Santboiana hartuko du Landaren, eta Burgosen zelaian ariko da. Eta horren ondoren, bi asteburuko etena izango dute berriro, martxoan.

Orduan, azkeneko bost partiduak besterik ez dituzte faltako: Alcobendas eta Bathco hartuko dituzte Landaren, eta VRAC, EL Salvador eta Bartzelonaren zelaietara egingo dute bisita. Beraz, garaipenak gaurtik pilatzen hastea, ezinbestekoa.

 

Bultza Ligakoa, Bilbon

Bestalde, asteburu honetan jo­katuko du Hernaniko talde bar­neratzaileak, Bultza Ligako hi­ru­garren jardunaldia. Bilboko El Fango zelaian ari­­ko dira trikoloreak, gaur bertan, eta Uni Bilbao tal­dea izango dute aurrean.

Horrekin, ligako aurreneko itzulia bukatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!