Harrera Sarea

«Independentzia ekonomikoa lortu ahala, Harrera Sareko laguntza beste norbaitengana bideratzen da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Behar materialak bakarrik ez; Harrera Sarea behar ez-materialak ere asetzen siatzen da; «bidelagun izaten».

Urtebete pasatxo da Hernaniko Harrera Sarea sortu zela. Kale gorrian zegoen gazte baten berri izatean, biltzen hasi ziren hainbat kide. Beharra duen jendea dagoen bitartean, lanean segiko dute.

Kalean bizi beste erremediorik topatu ez dutenak laguntzen ditu Hernaniko Harrera Sareak; etorkinak eta gazteak, normalean. «Hona iristen direnean, ez daukate ezer; ez dirurik, ez etxerik, ez janaririk eta ezta familiaren edo lagunen babesik ere».

2018ko neguaren bueltan hasi zen taldea egituratzen. «Kale gorrian zegoen gazte baten berri izan genuen, eta egoeraren larritasuna ikusita, hainbat lagun elkartu ginen. Horrez gain, Irungo Harrera Sareko kideekin harremana genuen, eta bertan bizi zuten kolapso egoeraren berri eman ziguten; jende gehiagok laguntza behar zuela ere azaldu ziguten. Bildu ginenen artean, Urumea Herri Guneko eta Hernaniko Gaztetxeko hainbat gazte geunden, eta laguntzeko prest zeuden beste herritar batzuk ere bildu ziren».

Behar materialak, eta baita ez-materialak ere, asetzen

Harrera Sarearen lehentasunen artean daude «denon artean, bizileku, elikadura, mugikortasun eta komunikazio beharrak asetzea». Izan ere, orain arte topatu dutena aztertuta, diote, «hona iristen direnean ezer ez» daukatela; «ez dirurik, ez etxerik, ez janaririk eta ezta familiaren edo lagunen babesik ere».
Baina bestelako behar batzuk ere izaten dituzte. «Komunikatzeko zailtasunak ere izaten dituzte, hizkuntzaren ezagutza faltagatik». Horregatik, bestelako laguntza ematen ere saiatzen dira. «Tramite administratiboak egin beharra suertatzen denean, osasun egoera fisiko edo emozionalari dagokionez gorabeherak izaten dituztenean, bidelagun izaten saiatzen gara. Azken batean, oinarrizko behar material eta ez-materialak asetzen ahalegintzen gara, mugak muga».

Trabak eta baliabide falta

Hain zuzen, ez dira gutxi, laguntza emateko topatu dituzten trabak. «Legearen arabera, hiru urtez jarraian egon behar dute hemen erroldatuta, paperak lortu ahal izateko. Ez hori bakarrik; hiru urte horiek pasata ere, lanerako aurrekontratu bat daukatela ere erakutsi behar izaten dute. Baina, paperik gabe, oso zaila egiten zaie hau lortzea. Honek guztiak prozesua ikaragarri luzatu eta zailtzen du».

Horrez gain, baliabideetan ere ez dabiltza sobera. «Behar materialei erantzuteko kontu korronte bat zabaldu genuen, nahi duenak donazioak egin ditzan. Tamalez, orain arte honek ez du arrakasta haundirik eduki, eta nahiko larri gabiltza». 

Baliabide falta horren eraginez, diote, ezin dutela nahi beste lagundu. «Laguntza jasotzen duen pertsona kopuruari dagokionez, nahiko mugatuta egon gara beti. Baliabide material eta pertsonal eskasia medio, ez gara gai izan momentu berean sei pertsona baino gehiagori laguntza emateko».

Traben gainetik, laguntzaileak

Izan duten laguntza azpimarratzen dute, hala ere. «Taldeko partaideei dagokienez, aldaketa dezente izan ditugu, bai Harrera Sarean boluntario aritu direnen artean, eta baita kale gorrian egoteagatik laguntza jaso dutenen artean ere. Azken hauen kasuan, independentzia ekonomikoa lortu ahala, Harrera Sareko laguntza beste norbaitengana bideratzen da. Hala ere, Harrera Saretik 'joan' direnekin harremana izaten jarraitzen dugu».
Normalean, erabiltzaileek Harrera Sarearen berri ahoz ahokoaren bitartez jakiten dutela diote boluntarioek, eta horretan, Harrera Sarearen laguntza jasotzen dutenek laguntzen dute, beraiek aitortu bezala. «Beste batzuei laguntzen saiatzen gara, sarearen berri emanez». 

Bestalde, Harrera Sareko boluntarioek diote «beste eragile sozial batzuen babesa» badutela; hala nola, «Hernaniko Elikagai Bankua, Caritas, Karabeleko...»

Eta «behar materiala asetzeko dirua lortzeko, hainbat ekintza» antolatu dituzte, baita ere, «eta jarraitzeko asmoa daukagu»: kontzertuak antolatu dituzte, poltsak eta pintxoak saldu dituzte, bigarren eskuko azokan postua jartzen hasi dira...

Sareak ere, beharrak

Hau guztia antolatzeko, «beharren arabera», bilerak egiten dituzte Harrera Sareko kideek. Baina denarekin aurrera segi ahal izateko, Harrera Sareak berak hainbat behar badituela aitortzen dute. Besteak beste, laguntza ekonomikoa, etorriko diren pertsonak erroldatzeko prest dauden herritarrak eta taldea sendotzeko partaide berriak.

Azken puntu horietan jarri dute indarra. «Bilerak Biteri kultur etxean egiten ditugu, eta irekiak dira. Edonor dago gonbidatuta»
  

HERNANIKO HARRERA SAREA
HARREMANETARAKO:

Informazio gehiago lortzeko, laguntzeko edo bileretan parte hartzeko, 669 930 290 telefonora deitu daiteke.

LAGUNTZA EKONOMIKOA:
Kontu korrontea: ES10 3035 0025 810250122712.


LAGUNTZEKO MODU GEHIAGO:
-Etorriko direnak erroldatzeko prest dauden herritarrak.

 

«Ez da espero nuena, baina Maroko baino hobea bai»

Harrera Sareak laguntzen dituenetako batzuek beraien esperientziaren berri eman dute. «Lan bila, etorkizun hobeago baten bila» etorri dira denak. Harrera Sareari esker «bizimodua hobetzen» ari direla diote.

Kasuetako batzuk besterik ez dira, baina antzeko esperientziak izaten dituzte denek, orokorrean. 
Beste batek, urtebete eta lau hilabete daramazki estatuan. «Marokotik Barbatera joan nintzen. Gero, Leridara. Han hilabete pasa nuen lan bila. Aurkitu ez nuenez, Donostiara joan nintzen. Adin txikikoen zentro batean egon nintzen 7 hilabetez. Gero, kalean. Tabakaleran jendea ezagutu nuen, eta horrela izan nuen Hernaniren berri». Etorri zenean ez zuen Harrera Sarea ezagutzen. Baina Hernanin geratu zela dio, «Donostian baino laguntza gehiago aurkitu» zuelako. Iritsi zenean, «etxea eta janaria» lortzea zituen lehendabiziko beharrak. «Harrera Sareak lagundu dit lortzen janaria, etxea, trenerako txartelerako dirua … Gauza asko. Ekintzak egin ditugu». Horri esker, bila ari zen horretatik hainbat gauza lortu dituela dio. «Aurrena, etxea eta janaria behar nituen. Gero hasten zara pentsatzen zer egin nahi duzun. Oraindik ez dut lortu nahi dudan guztia, baina bidean nago. Nire bizimodua hobetzen ari naiz. Hala ere, honek ez du antzik espero nuenarekin. Ez da espero nuena, baina Maroko baino hobea bai. Orain hemengo lagunak baditut. Ikasten ari naiz. Etxea dut. Gaztelania pixka bat hitz egiten dut. Lehen baino hobeto nago. Baina oraindik beharrak badauzkat; bereziki, lana, familia laguntzeko. Eta paperak lortzea».

«Hemen ere lana falta da»

Gainontzekoen kasuak ere antzekoak dira. Besteren bat Hernanin lagun bat zuelako etorri zen, eta hark Harrera Sarearen berri ez zuen. Baina mezkitan egindako lagun batek aipatu zion nora jo. «Lan egitera etorri nintzen, bizimodua hobetzera. Baina ez da erraza, eta sufritu egiten dugu pixka bat». Harrera Sareko kide batek gazte hauetako batek kontatutakoa gogoratu du: «Horrelako ideiak dauzkate. Nahiz eta hizkuntza bera ere ez ezagutu, uste dute berehala hasiko direla lanean. Batek esaten zidan kalean billeteak aurkitzea espero zuela. Behin hona iritsi eta hondartzan neska bat topless egiten ikustean, edozer sinetsi zezakeela pentsatu zuen».

Gauzak horrela, bizi duten egoeraren gogortasuna nabaria da, baina ez dute etsitzen. «Marokon banituen etxe bat, janaria eta arropa. Hobetzeko etorri ginen hona, eta berdin gaude. Hemen ere lana falta da. Han lana bai, baina ez dago dirurik. Baina hobetzen ari gara, pixkanaka».
Etortzean, «etxea, janaria eta arropa» bilatzen dituzte aurrena. «Behin kokatuta, bizimodua ateratzeko lana bilatzen dugu. Formazioa eta lana». Bila ari zen hori aurkitu duenik bada. «Etxea eta errolda lortu ditut». Hortik aurrera, amesten saiatzen dira. «Lana, emaztea, umeak… Familia ere nahi nuke».

Aurreiritzien kontra

Lan falta ez da, hala ere, topatu duten oztopo bakarra. Kultura desberdinetako jendeak elkar ulertzea ez da beti erraza izaten. Ez dute, hala ere, arazorik izan dutenik uste. Bertako lagunak, Harrera Sareko kideetatik apartekoak ere egin dituztela diote. Harrera Sareko kideek, ordea, nabaritu izan dituzte gaizkiulertuak. «Hizkuntzarekin ere arazorik ez dutela diote. Gu izango gara orduan, arabe gutxiegi dakigunak!», diote barrez. «Gertatu izan zaigu, etxera gonbidatu bazkaltzera, egun batzuk lehenago hitzartu ordua, eta eguna iristean, ordu erdi lehenago jakin ez direla etorriko. Eta zuzenean niri abisatu gabe, nahiz eta nire telefono zenbakia eduki!». «Guk ere gonbidatu genituelako», gogorarazi du beste batek. «Komunikazioa erlatibizatu egin behar da. Ez dira gai ezetz esateko, beste batzuekin konpromisoa hartu dutelako».

Harrera Sareko kideek onartzen dute agian gure kulturaren parte dela gauza horiei garrantzia ematea. «Modu desberdinean egiten ditugu gauzak, kulturala da. Gonbidatzen banauzu, eta ezin badut joan, guretzako logikoa da jakinaraztea. Baina gogoratzen naiz Saharan izan ginenean, iluntzeko 20:00etan iritsi ginela etxe batera, jakinarazi gabe, eta afaldu eta lotan geratu ginen. Zeharo lotsatuta nengoen! Baina beraientzako ez zen arazo».
Integrazioaren tranpaz ere hausnartzen dute. «Hemen, badirudi kanpotik etorri direnek integratu behar dutela gure ohituretan. Baina, integratu ez, denok egokitu behar dugu. Integratzea da gurera derrigortzea. Gu ere, kanpora joaten garenean, ez gara integratzen. Oso ondo tratatzen gaituzte, eta hori ez da beraien egunerokoa izaten. Europarrak izanda, zorte haundia dugu».

Hasieran arazorik izan ez dutela aipatu arren, bururatu zaie zer edo zer Harrera Sarera gerturatutako erabiltzaileei ere. «Batzuk uste dute gaiztoak garela. Aurreiritziak dauzkate». Eta jasotako laguntzagatik eskertuta, bueltan emateko askorik ez dutela dioten arren, ahal dutena egiten dute. «Beste batzuei laguntzen saiatzen gara, sarearen berri emanez. Eta gu bezalako gazteon irudi ona ematen saiatzen gara, bertakoek ere aldatu dezaten, marokoarrekiko daukaten irudia. Elkarbizitza ona da, pentsamoldeak aldatzeko, irekitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!