«Anoetan beti harmailetatik ikusi dudana barrutik bizitzea, oso-oso polita izan zen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00
Gorka Kijera ostegunean, Realaren kontrako partiduan, Anoetako zelaian.

Futbolaren munduan, protagonista nagusietako bat da Mirandes, une honetan; eta taldeko kapitaina da Gorka Kijera Salaberria hernaniarra. Realaren kontra, Kopako semifinaletako joanekoa jokatu zuen herenegun, Anoetan, eta 2-1 galdu zuen. Martxoaren 4an bueltakoa, Miranda de Ebron.

Gorka Kijera hernaniarra kapitaina da Mirandesen.

Zer moduz, osteguneko partiduaren ondoren?

Pixka bat nekatuta, baina ondo. Uste dut oso itxura ona eman genuela Realaren kontra. Partidu zaila zen, eta hasieratik nahi genuena zen, etxeko partidura bizirik etorri, emaitza on batekin. Eta helburu hori behintzat lortu genuen. Hala ere, partidua nola joan zen ikusita, uste dut posible zela hobea izatea. Baina ezin gara kexatu, hasi aurretik denok sinatuko baikenuen horrelako emaitza. Beraz, pozik bueltatu ginen.

Bagenekien guretzako partidu zaila zela Anoetakoa, beraiek han saiatu behar zutelako kanporaketa erabakitzen, eta ez genien utzi. Bagenekien zein zen Realaren jokoa, eta lortu genuen normalean egiten duen joko hori ez egitea. Gustora egon gaitezke; landutakoa atera zitzaigun.

 

Zure lanarekin pozik?

Bai bai, gustora nago egin nuen partiduarekin. Azken batean, lehenengo mailako jokalarien kontra aritzen zarenean, hasieran beti daukazu beldur hori, gai izango ote zaren beraiei aurre egiteko. Eta uste dut jokaldi gehienetan lortu nuela, eta aurrera jo behar izan nuenean ere ondo egin nuela.

 

Berezia izango zen Anoetan jokatzea, ezta?

Jokatu dudan partidurik bere­zi­ena izan zen, emozionalki. Fa­milia han zegoen, lagunak, ezagun asko... Eta zelaira kapitain bezala ateratzea. Jokatu dudan partidurik politena. Anoetara askotan joan naiz, eta beti kanpotik ikusi dut jokoa, harmailetatik. Eta hori barrutik sentitzea eta bizitzea, oso oso polita izan zen niretzako. Ikusle bezala joaten nintzenean ondoan zegoena, herenegun kontra zegoen; horiek dira futbolak ematen dituen bueltak. Baina ostegunekoa, disfrutatzeko partidua izan behar zen, eta lortu nuen; uste nuena baino askoz ere gehiago, gainera. Jende gutxik izango du aukera, esperientzia hori bizitzeko, eta nik lortu egin dut aukera hori. Txikitatik eduki ditudan taldekideetatik, ni izan naiz bakarra, Anoetan partidu ofizial bat jokatzeko aukera izan duena. Eta nolako partidua, gainera: Kopako semifinala, partidu nahiko borobila eginda... Pozik eta harro nago lortutakoarekin.

«Mirandan dagoena da eromena. Herria zoriontsu dago, eta guri poz haundiagoa ematen digu horrek»

Sekulakoa ari zarete egiten.

Bai, bigarren mailako talde batekin hau lortzea, ez da batere erraza. Primerako hiru talde kan­poratzea ez da erraza, eta baloratu behar da egin duguna. Baita semifinaletan orain arte egin duguna ere. Realaren kontra tokatu izana, ospatu egin nuen nire barruan, esperientzia hori bizi nahi nuelako. Ez baitut askoz ere aukera gehiago izango horretarako. Herenegun izan zen eguna, nire ibilbidearen bukaera aldera, eta betirako geratuko zaidan oroitzapen bat da. Futbola bukatzen zaizunean, geratzen dena hori da, oroitzapenak eta momentuak; eta ostegunekoa garrantzitsu eta onenetako bat izango da.

 

Nolako asteak ari dira izaten taldean eta herrian?

Taldearentzako, pixka bat zailak. Alde batetik, ez gaudelako ohituta hainbeste partidu jokatzen; urtarrila hasieratik orain arte, astero bi. Eta pixkanaka nabaritzen da hori hanketan. Eta bestetik, buruarentzako ere zaila da. Izan ere, Kopan aurreneko mailako taldeak kanporatzen dituzunean, herriko jendea ahaztu egiten da liga ere badagoela, eta zaila da partidu horietarako zentratzea. Atzo kalera atera, gaur kalera atera, eta inork ez du hitz egiten ligako biharko partiduari buruz. Herrian dagoena da eromena. Anoetakoaren ondoren, jendea esperantzarekin dago, eta hori nabaritzen da kalean. Jendea pozik ikusten duzu, eta hori guretzako sekulakoa da; futbolean jokatzen dugu, baina norbait zoriontsu egiten badugu, ba hobeto. Oraintxe herria zoriontsu dago, eta horrek poz haundiagoa ematen digu.

 

Realaren kontrako partiduan Kijera, ostegunean Anoetan.

Bizi-bizirik iritsiko zarete bueltako partidura. Zer espero duzu bueltako partiduan? Anduva zelaiak beldur eszeniko pixka bat sortzen du orain...

Gu seguru sentitzen gara etxean. Jendea alde daukagu, estadio txikia da, koketoa, eta belarra ere ez da Anoetako berdina. Beraz, Realak sufrituko du, besteek sufritu duten bezala. Gero irabazi egingo dute beharbada, jende oso ona daukatelako, eta kalitatea soberan. Baina argi dago Realak ezin duela lasai etorri. Emaitza motza da, bizirik gaude; 1-0 irabazita gu pasatzen gara, adibidez. Beraz, lasai hartu behar dugu partidua, jakinda Reala oso faborito dela oraindik, baina herenegun gaueko bederatzietan baino pixka bat gutxiago. Pauso txiki bat eman dugu gure alde, baina orain pauso haundi bat eman behar dugu Anduvan.

«Nire ibilbideko momenturik onena ari naiz bizitzen; gozatu eta aprobetxatu egin behar dut hori»

 

Finala jokatzea ikaragarria izango litzateke. Imajinatu duzu halakorik?

Imajinatu dena imajinatu daiteke, libre da hori. Kopa altxatzen ere imajinatu dut nire burua. Baina errealitatean jarrita, ba­dakigu zaila dela, eta oraindik amets bat dela. Espero dut, hiru aste barru Sevillarako txartelak hartzen egotea, guk jokatu behar dugulako; baina oraindik oso urruti ikusten dut. Oraindik ametsa da, eta lasai hartu behar dugu; hiru aste ametsetan ge­hiegi da...

 

Zer moduz Mirandesen? Seigarren denboraldia duzu, ia dena jokatuta, kapitain...

Ezin naiz kexatu. Baloratua sentitzen naiz, urte gehienetan partidu gehienak jokatu ditut, kapitaina naiz... Jokalari batek hori bilatzen du, dagoen tokian baloratua sentitzea, gustora ego­tea eta jokatzea; eta Mirandan oso gustora nago. Beti esan dut, nire kirol ibilbidea hemen bukatzea dela nire asmoa, oraindik ez dakit noiz. Denetik bizitu dut hemen. Ligan oso denboraldi onak, Kopan final laurdenetara iristea, bigarren B mailara jaitsiera, bigarren mailara buelta... Eta aurtengoa bereziena ari da izaten. Ligan ondo gabiltza, asko sufritu gabe, eta Kopan egiten ari garena sekulakoa da. Orain ari naiz bizitzen nire ibilbideko momenturik onena, eta gozatu eta aprobetxatu egin behar dut.

 

Eibarren lehenengo mailara igo, eta debutatu gabe Mirandesera joan zinen. Hala ere, zuretzako ez zen atzerapauso bat izan, ezta?

Segun eta nola begiratzen diezun izaten dira gauza horiek. Jokalariok beti daukagu primeran debutatzeko ametsa, eta Eibarrekin lortu nuen aukera hori, igoera lortuta. Baina futbolean momentu zailak ere izaten dira, eta denboraldi hori hasi baino bi aste lehenago esan zidaten ez zutela nirekin kontatzen. Momentu gogorrak dira, eta bi aukera dauzkazu: lur jota geratu, edo beste aukera bat bilatu eta disfrutatzen saiatu. Nik bigarrena egin nuen, Mirandara etorrita, eta hasieratik izan nintzen jokalari garrantzitsua. Beraz, ez dut atzerapauso bat bezala ikusten. Kategoria bat jaitsi nintzen, baina kirol arloan gora egin nuen, eta nire maila igotzeko balio izan zidan. Aurrerapauso bat izan zen, azken finean. Gauza haundiak bizitu ditut hemen.

 

Ez zaizu geratu, primeran ez debutatu izanaren pena?

Pena hori beti geratzen zaizu, baina gero erreparatzen badiozu zure kirol ibilbideari, uste dut orokorrean ona dela. Umetan futbolean hasten den askori gustatuko litzaioke nik izan dudan ibilbidea edukitzea. Beraz, alde horretatik oso pozik nago.

 

Ez duzu amesten, Mirandesekin primeran aritzearekin?

Gehiegi amestea da hori! Aurrenekoa da 50 puntuetara iristea, mailari eusteko. Eginda daukagula dirudi, baina kategoria hau oso zaila da, eta lehenbailehen iristea hobe. Gero zerbait gehiago lortu daitekeela? Borrokatuko dugu. Baina aurrena ziurtatu dezagun hori, eta hortik aurrera amestuko dugu.

 

Batek daki, agian primeran ez, baina Europan jokatzen ariko zarete datorren urtean!

Horretatik bi partidutara gaude (barrez)! Kopa irabazita joango ginateke Europara. Badirudi gutxi dela, baina asko egin behar da, eta daukan zailtasuna ikusita, oraindik ere gehiago. Europan jokatu behar bada, jokatuko dugu (barrez). Baina oso zaila da, eta oraingoz, ez dugu pentsatu ere egingo horretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!