Eskola kirola

Balioetan oinarritutako Eskola Kirolaren alde egin dute apustu

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 13a, 00:00
Hainbat ordezkari bildu ziren asteartean, Eskola Kriolari buruzko proiektuaz jarduteko.

Asteartean bildu ziren Astigarragako eta Hernaniko ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteko ordezkariak eta Hernani eta Astigarragako kirol teknikari eta udal ordezkariak. 

7 urte dira Eskola Kiroleko motorra martxan jarri zela. Bertan Hernani eta Astigarragako ikastetxeetako ordezkariek, Ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariek eta Hernani eta Astigarragako kirol teknikari eta udal ordezkariek hartu dute parte. 2014-2015 ikasturtean hasi ziren proiektu bateragarri baten alde lan egiten, eta 2015ean, Hernani eta Astigarragako ikastetxeetako organo gorenek «proiektuarekiko atxikipena sinatu zuten». 2018-2019 ikasturtean, herri mailako Eskola Kirolen eredua adostu eta berretsi zuten, ikastetxe eta udalek. 

Proiektu berriaren eredua

Eskola Kirolaren eredua, hilabetero egiten diren bileretan eta egin dituzten tailer desberdinetan landutakoaren fruitua da. «Garrantzi handia ematen diogu Hernani eta Astigarragako haurrek Eskola Kirola hezitzailea eta bateratua egin ahal izateari. Eskola Kirola haur eta gazteen hezkuntzaren osagai eta osagarri gisa ulertzen dugu». Beraz, Eskola Kiroleko antolakuntzakoek adierazi dute, sortu zuten eredua bizia daukan programa batean oinarritzen dela, «hobekuntza eta aldaketetarako prest dagoena, haurrentzat ahalik eta programa aberatsa eta erakargarriena lortzeko asmoz». 

Balioetan oinarritutako Eskola Kirola

«Balioetan oinarritutako jarduera da gure ardatza» azaldu zuten, eta jarraian, Eskola Kirolak izango dituen balio eta oinarriak azaldu zituzten; kirola ezagutzea, esaterako. «Gure seme-alabek askotariko jarduera fisiko eta kirol jarduerak probatu eta ezagutzea nahi dugu, orain eta etorkizunean kirola eta jarduera fisikoa   beren bizimoduko osagai izan daitezen». Kirolean gozatzea ere balio eta oinarri dute Eskola Kirolakoek; «gazteek kirola eta jarduera fisikoa eginez gozatzea nahi dugu, lehia itsu eta puntuazioetatik haratago».  Azpimarratu zuten, baita ere, lehiakortasun zintzoa sustatuko dutela, «puntuazio eta sailkapenak lehenetsiko ez dituena». Harreman onak sustatuko dituzte, «berdintasuna, elkarlana, ezkuzabaltasuna...». Errespetua ere sustatuko dute, «errespetuz jokatzea arbitroarekin, kideekin...». Talde lanari garrantzia emango zaio, «talde lana eta elkarlana sustatuko dugu». Taldeko arauak beteko direla azpimarratu zuten, «asistentzia, puntualtasuna, material eta instalazioak zaintzea...». Ikaste-irakaste prozesuan, autoestima, motibazioa eta berdinen arteko ikasketa lantzea ere helburu dute. Eskola Kirola, euskaraz da, eta euskaraz bizitzeko eta gozagarri izateko, «euskara maitatuko dugu», azaldu zuten. Guztiontzat den kalitatezko Eskola Kirola sustatu nahi dute, «bazterketarik egiten ez duena. Ikasle guztiak dira beharrezkoak, eta bakoitzaren desberdintasunek irakaskuntza prozesua aberasten dute». Eta azkenik parekidetasuna bultzatuko dute, «sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alboratuta, pertsonen garapen integralean oinarrituko gara». 

Ondoriozta daiteke, beraz, Eskola Kiroleko proiektu berri honen helburuak direla; kirola eza­gutzea, kirolean gozatzea, au­to­estima lantzea, motibazioa eta berdinen arteko ikaskuntza sustatzea, euskaraz bizitzea eta Eskola Kirol parekidea bultzatzea. 

Laguntzak bai, baina baita oztopoak ere 

Hori guztia aurrera eramatea posible izan da «hezkuntza komunitateari eta herriko kirol elkarteei esker».  Orain arteko bideaz ere jardun zuten astearteko prentsaurrekoan, «bide honetan laguntza eta elkarlana izan arren, zailtasunak eta oztopoak ere izan ditugu. Eskola Kirola arautzen duen markoa guztiz zehaztua ez izateak, gure mahaiak hartutako erabaki batzuk babesgabe utzi ditu». Horregatik, eskakizun zuzena egin nahi izan zioten, «Foru Aldundiari, markoa osatu eta landu dugun eredu hezitzaile hau babes dezan». Baina bitartean, aurrera jarraitu beharko dute Eskola Krioleko proiektu hau aurrera eramateko, eta «Hernaniko eta Astigarragako Eskola Kirola bateratu eta hezitzaile baten alde egiteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!