MOBILIZAZIOA

«Zaldibar argitu, erraustegia gelditu» mobilizaziorako deia luzatu dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 12a, 00:00

Gaur arratsaldeko 19:00etan, mobilizaziorako deia luzatu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Hernaniko Zero Zaborrek.

Gaur arratsaldeko 19:00etan jarri dute zita Plaza Berrin, Errraustegiaren aurkako mobilizazio baterako deia eginez, «Zaldibar argitu, erraustegia gelditu» lelopean. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Hernani Zero Zaborrek deitu du mobilizazio honetara. «Herritar guztiak deitzen ditugu kalera».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak adierazi du, guztiz bat egiten duela «langileak, osasuna eta erantzukizunak» esaerarekin. Lehentasuna, desagertuta dauden bi langileak erreskatatzea da, eta hortik aurrera, «inguruko herritarren osasuna bermatzea, eta orain arte ikusi dugun kudeaketa negargarriagatik erantzukizunak argitzea». 

Zaldibarreko «eskandalua»

Zaldibarren hondakin arriskurik ez omen zegoen, eta «bi langile desagerrarazi dituen eskandaluak azalarazi du, zer nolako larritasuna duen etxe ondoan erraustegia inposatu nahi izateak». 

Inguruko herritan ere egingo dira mobilizazioak, hala nola, Donostian, udaletxe aurrean; Usurbilen udaletxe aurrean; Zubietan, Alamandegin; Andoainen udaletxe aurrean; Oiartzunen, udaletxe aurrean eta Iruran, udaletxe aurrean. 

Beraz, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eta Hernaniko Zero Zaborrek, mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute, «hondakin kudeaketa osasuntsu baten alde, atera kalera zerbait gertatu aurretik». Esan bezala, Hernanin gaur arratsaldeko 19:00etan, Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!