Boleibola

Bostetik bost garaipen lortu dituzte Hernaniko taldeek asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 00:00

Neskak aurrenekoak dira Gipuzkoako Ligan.

Mutil nagusiek garaipen garrantzitsua lortu dute Laredoren aurka Kantabrian, Euskal Ligan, eta neskek Fortuna garaitu dute Gipuzkoakoan.

Asteburu ezin hobea izan dute Hernaniko boleibol talde guztiek, hobe esanda ia guztiek, kadeteetan elkarren aurka aritu baitziren asteburuan hernaniarrak. Lehenengo urtekoek ezin izan zuten bigarren urtekoei aurre egin.

Euskadiko Ligan, mutilek irteera zaila izan zuten Laredora. Espero zen bezala etxeko taldeak partidu gogorra planteatu zuen, joko onrekin baino gehiago, aztikeriaz jokatuz. Horrek Hernaniko jokalariak nahastu zituen. Bere betiko jokoa egin beharrean, une askotan, partidutik kanpo zeuden. Partidu guztian zehar etxekoak izan ziren aurretik markagailuan, baina puntu erabakiorretan, azken puntuetan, maila haundiagoa dutela erakutsi zuten hernaniarrek.

Emaitza 0-3koa izan zen Hernaniren alde, jokoetan 22-25, 22-25 eta 23-25 irabaziz. Partiduko gauzarik onena emaitza izan zen, joko aldetik berriz teknikoki huts egite asko egon ziren. Larunbatean dezente hobetu beharko du jokoak liderra etorriko baita Hernaniko kiroldegira.

Gipuzkoako Ligan neskak aurrena daude  sailkapenean
Gipuzkoako Ligan, senior neskak Donostiara joan ziren jokatzera C.D. Fortunaren aurka eta kantxa zaila izan arren orokorrean, erraz gainditu zuten etxeko taldea. Emaitza ezin hobea eskuratu zuten, 0-3, eta jokoak ere 8-25, 12-25 eta 23-25, oso garbiak hernaniarren alde. Emaitza honekin neska seniorrak ligako lehenengo postuan daude.

Hasieran aipatu bezala, kadete mailan, lehenengo urtekoak eta bigarren urtekoak elkarren aurka jokatu zuten pasa den asteburuan, eta noski berdinketarik ez dagoenez boleibolean, batek irabazi eta besteak galdu egin zuen. Bigarren urteko neskek argi utzi zuten zergatik dauden sailkapeneko lehenengo postuan eta 3-0 irabazi zieten lehenengo urtekoei.  Lehenengo bi jokoak burrukatuak izan ziren eta 25-18 eta 25-17 amaitu ziren, baina hirugarrenean amore eman zuten gazteenek eta 25-10 irabazi zuten bigarren urtekoek.

Infantil bi taldeak lehenengo hiru postuetan daude
Infantil nesketan aurreneko urtekoek Zarauzko Lizardi taldea hartu zuten etxean, eta azken asteetan bezala, Elsak zuzentzen duen taldeak gogotsu hasi eta amaitu zuen partidua.

Bisitariek ez zuten aukerarik izan eta 25-5, 25-12, 25-6 emaitzarekin hernaniarrek garaipen ona lortu zuten. 3-0ko emaitza honek lehenengo urteko neskak sailkapeneko lehenengo postuetan mantentzen ditu eta horrek moralki indar haundia ematen die konpetizioan hasi berri diren neska hauei.

Bigarren urteko infantilak ere partidu erraza izan zuten Summa Aldapeta 1 taldearen aurka. Donostiarrak bisitari bezala izan ziren kiroldegian eta 25-5, 25-12 eta 25-6 emaitzekin itzuli ziren etxera. Hasieratik amaierara arte etxeko taldea nagusi izan zen eta garaipen honekin, sailkapenaren goikaldean mantentzen da talde hau ere. Bi talde hernaniarrak lehenengo hiruren artean daude eta hori entrenamenduak burutzeko baldintzak kaxkarrak dituztela kontuan izanik meritu haundiko lorpena da neska hauek egiten ari direna. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!