IGERIKETA

Hernaniko igeriketak zeresana eman du azken astean emaitza arrakastatsuekin maila guztietan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 00:00

Cristina Verbo, Iñigo Goñi, Lourdes Sánchez eta Luis Goñi erreleboko dominekin.

Iñigo Llopisek Tokioko Joku Paraolinpikoetarako txartela lortu du, Enaitz Goñik hiru urre leporatu ditu Gipuzkoako Txapelketan eta Luis eta Iñigo Goñik hiruna domina lortu dituzte Iraupeneko Espainiako Master Txapelketan.

Hernaniko igeriketarentzako aste oparoa izan da aurrekoa maila desberdinetan. Alde batetik, Iñigo Llopisi ateak ireki zaizkio Tokioko Joku Paraolinpikoetarako. Bestetik, Enaitz Goñik lau domina lortu ditu, horietatik hiru urrezko, Gipuzkoako igeriketa txapelketan. Master mailan Luis eta Iñigo Goñik hiruna domina lortu dituzte, Luisek urrezko bat, Iraupeneko Espainaiko txapelketan. Eta azkenik, Gipuzkoako Sarian Xabier Huitzi, Intza Pagola, Miren Uxue Garmendia, June Garmendia, Aitana Perez eta Kerman Urreta aritu ziren Andoianen.

Iñigo Llopisek S8 mailan txartela lortu du Tokioko Joku Paraolinpikoetarako 100 bizkar frogan. 1:08.25 denbora egin zuen Mallorcan, Son Hugo igerilekuan, 50 metroko igerilekuan eta denbora hori minima da Tokiorako. Gainera bere Espainiako errekorra apurtu zuen 31 ehunenekogatik. Beraz, Rion bezala Tokioko Joku Olinpikoetan ere ariko da igeri Llopis.

Joku Para Olinpikoak eta Munduko errekorra urtarrila amaieran
Igerilari donostiar-hernaniarra sasoi betean dago. Urtarrilaren amaieran, AXA Txapelketan, Valdemoron, Munduko Errekorra apurtu zuen 200 bizkarren, 25 metroko igerilekuan. S8 mailan 2:24.96ko denbora egin zuen.

Enaitz Goñi, Espainiako Autonomien txapelketaren aurretik sasoia hartzen bederatzi dominekin
Enaitz Goñik ostiraletik igandera junior eta infantilen Espainiako Autonomien arteko txapelketan hartuko du parte, Euskadiko selekzioarekin, Las Palmasen. Bertan, lau frogetan ariko da, baina aurretik Gipuzkoako Txapelketan egin du igeri infantil eta absolutu mailan.

Bergaran antolatu zuten Gipuzkoako Txapelketa eta bertan bederatzi domina lortu ditu guztira; hiru urrezko domina, bi zilarrezko domina eta lau brontzezkoak. Horietatik bost domina dira erreleboetan lortu dituenak eta lau banakako frogetan.

200 estiloetan (2:17.82) eta 100 (56.22) eta 200 libreetan (2:01.20) geratu da Gipuzkoako txapeldun infantil mailan. Hiruetan bere markarik onenak egin ditu. 100 tximeletan zilarrezko domina lortu zuen 1:03.68ko denborarekin.

Erreleboetan, infantil mailan, hiru brontzezko domina eskuratu zituen Fortuna taldearekin eta absolutu mailan, errelebo mixtoan, beste bi; bat zilarrezkoa eta bestea brontzezkoa.

Luis Goñi Espainiako txapeldun 800 metroetan eta Monteverde taldeka
Igeriketan, Master mailan ere aritzen dira igerilari hernaniarrak. Pasa den asteburuan Oviedon Iraupeneko Espainiako Txapelketa jokatu da eta bertan Luis eta Iñigo Goñi aritu dira Toledoko CN. Monteverde taldearekin.

Hiruna domina lortu dituzte hiru frogatan. Txapelketa hau 50 metroko igerilekuan antolatzen da eta 3.000, 1.500, 800 metroko distantziak daude, baita 4x200 errelebo mixtoak ere.

Luis eta Iñigo azken hiru froga hauetan aritu ziren. Larunbatean 1.500 metrotan, 45-49 urte mailan Luisek zilarra lortu zuen eta Iñigok brontzea 40-44 urte artekoan; 18:23 eta 18:56ko denborekin.

Ondoren erreleboan jardun ziren Cristina Verbo eta Lourdes Sanchez toledarrekin batera. 160 urteko mailan lortu zuten zilarrezko domina, urrea lortzetik oso gertu, bi segundu eskasera. Taldeko lan esanguratsua egin zuten.

Igandean 800 metrotan Luisek urrea lortu zuen 9:41eko denborarekin eta Iñigok zilarra 9:54ko denborarekin. Iñigo Kimbo Vallejoren alboan aritu zen parez-pare. Vallejo Moskuko eta Los Angeleseko Joku Olinpikoetan ibilitakoa da eta Hamar urte jarraian Espainiako txapeldun absolutoa izan zen 200 librean. Aipagarria izan zen baita CN Monteverdek taldeka lortu zuen garaipena bai mutiletan, baita nesketan ere. Hernaniarren puntuak baliogarriak izan ziren Espainiako txapeldun geratzeko lehenengo aldiz.

Gipuzkoako Sarian ere emaitza onak
Igeriketarekin amaitzeko sei hernaniar aritu ziren, asteburuan Andoainen Gipuzkoako Neguko sarian: Huitzi, Intza Pagola, Miren Uxue Garmendia, June Garmendia, Aitana Perez eta Kerman Urreta. Urreta Konportan dabil eta besteak Hernani Kirol Elkarteko igerilariak dira. Dominak lortu zituzten eta Huitzik urrezkoa ere bai. Denboretan ere hobekuntzak izan zituzten igerilari guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!