Erremontea

'Garaiezina' garaitu du berriro, Barrenetxea IVak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 10a, 00:00

Buruz Buruko bigarren txapela jantzi du Barrenetxea IVak, Urrizaren kontra.

Master Torneoko txapela jantzi zuen larunbatean hernaniarrak, Urrizari 30 eta 29 irabazita.

Udara bukaeran Kutxabank Buruz Buruko Txapelketan lortutakoa kasualitatea ez zela erakutsi zuen larunbatean Endika Barrenetxeak, eta berriro ere Javier Urriza garaituta, Master UTS Torneoko txapela jantzi du oraingoan hernaniarrak. 

Ikaragarrizko partidua jokatu zuten bi erremontistek, Galarreta bete zuen publikoa behin baino gehiagotan aulkietatik altxarazita, eta tanto bakarreko aldeak eman zion garaipena Barrenetxeari.

Aurretik, kontrolpean
Partiduaren hasieran nahiko parekatuta ibili ziren bi erremontistak, baina Barrenetxeak  hartu zuen kontrola. Sei tantoko aldearekin aurreratu zen 16 eta 10, eta atzelari iruindarrak aldea bi tantora murriztea lortu bazuen ere, 17 eta 15, atzelari hernaniarrak ihes egin zuen berriro, 25 eta 17.

Hori izan zen partidu osoan zehar bien artean izandako alde haundiena. Hortik aurrera, finalerdietan gertatu bezala, Urrizak gogorrago ekin zion, eta 25era eta 26era berdintzea lortu zuen. Hala ere, ez zuen lortu hernaniarra aurreratzerik. Barrenetxeak bi tantoko aldea atera zion, 28 eta 26, eta beste bi tantokoa, 29 eta 27. Urrizak 29ra berdintzea lortu zuen segidan, baina, azken tanto ikusgarriek atzelari hernaniarra egin zuten garaile, 30 eta 29.

Bigarren txapela, Barrenetxeak
Larunbatekoarekin, Buruz Buruko bigarren txapela jantzi du atzelari hernaniarrak. Irailean jokatutako Kutxabank Torneoan ere Urrizari irabazita lortu zuen, ezinezkoa zirudiena lortuta. Eta oraingoan ere, 'garaiezina' garaitzea lortu du. Azken hiru txapelak Urrizak irabazi ditu txapelketa honetan, eta lehendik beste bi ere bazituen. Ezkurra eta Utergak dauzkate beste bina.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!