Hezkuntza

Herriko 2.500 ikasle inguru, klima aldaketa eta jasangarritasuna lantzen

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 10a, 00:00

Eskola Agenda 21 programak 16 urte bete ditu. Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Batxiler eta Gizarte Berrikuntzako ikasleak ari dira parte hartzen bertan. Diagnostikoa egiten ari dira, herrian.

Herriko ikastetxeetako 2.500 ikasle inguru ari dira parte hartzen Eskola Agenda 21 programan. Dagoeneko, 16 urte bete ditu programa honek, eta jasangarritasunarekin lotutako gaiak lantzea izan du beti helburu: hondakinak, ura, mugikortasuna, biodibertsitatea eta aniztasun kulturala, kontsumoa, energia, elikadura jasangarria...

Aurten, klima aldaketari buruzko lanketa egiten ari dira. Herriko ikastetxe guztietako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Gizarte Berrikuntzako ikasleak ari dira parte hartzen. Sentsibilizazio jarduerak egiteko fasea pasata, herriko diagnostikoa egiten ari dira orain.

Herria aztertzen
Ikasturte honetako aurreneko hiruhilekoan sentsibilizazio jarduerak egiten aritu dira ikasleak, klima aldaketaren inguruan. Zer den, nola eragiten digun edota arazoaz jabetzen ote garen aztertu eta hausnartu dute.

Era berean, ikastetxe bakoitzean barne-diagnostikoak egin dituzte. Adibidez, aztertu dute breaien eguneroko kontsumoek eraginik ote duten klima aldaketan, edota zer egin dezaketen ikasleek eskolako energia kontsumoa gutxitzeko. Guztiaren berri bildu dute ikastetxeetako Txoko Berdeetan edota webguneetan.

Udalak herritarrak animatu ditu ikasleak kalean eta lanean galderak egiten topatuz gero, hurbildu eta haiekin parte hartzera.

Fase horrekin bukatuta, hasia daukaten ikasturteko bigarren hiruhileko honetan herriko diagnostikoa egiten ari dira. Hain zuzen, Udalak herritarrak animatu ditu ikasleak kalean eta lanean galderak egiten topatuz gero, hurbildu eta parte hartzera.

Mailaren arabera, gaia ikuspuntu desberdinetatik ari dira lantzen. Besteak beste, aztertzen ari dira zein den Hernaniko energia kontsumoa, herritarrek zein iritzi daukaten, klima aldaketaren kontrako neurriak zein izan daitezkeen eta hartzen ote diren, etxeetako energia kontsumoak zein diren, adineko pertsonek zein iritzi eta ezagutza dituzten...

Azken fasean, hobekuntzak egiteko proposamenak
Guztiarekin diagnostikoa osatzen dutenean, hobekuntzak egiteko proposamenak martxan jartzeko fasea irekiko da, azken hiruhilekoan. Proposamenetako batzuk norberak egitekoak izaten dira, etxean ere eraginez, eta beste batzuk, ikastetxeetan egitekoak.

Zakarrontzi txikiak jarriko dituzte autobus geltokietan.

Baina beste hainbat herriari begira egingo dituzte. Hain zuzen, hauen berri Udalari emango diote ikasleek. Adibidez, energia kontsumoa aurrezteko ekintzak proposatu ahal izango dituzte, edota Friday for Future greba deialdiarekin bat eginez, larrialdi klimatikoa aldarrikatu. Hau guztia egiteko, ikasleen arteko Foroetan elkartuko dira ikasle ordezkariak, eta bertan, ikastetxez ikastetxe eta mailaz maila egin dituzte lanak bateratuko dituzten. Hor ateratzen dituzten emaitzekin osatuko dute Udalari aurkeztuko dioten txostena.

Bizikletentzako aparkalekuak eta zakarrontziak, ikasle helduenei esker
Ikasle helduenek ere hartzen dute parte Eskola Agenda 21 programan. Hauek ere, herria aztertu eta diagnostikoa egin ondoren, beharrak identifikatu eta proposamenak egiten dituzte.

Horiei esker, dagoeneko badira herrian bizikletak aparkatzeko gune bereziak. Beraiek diseinatu eta garatu dituzte. Orain, berriz, autobus geltokietan jartzeko zakarrontzi txiki desberdinen diseinuan eta ekoizpenean murgilduta daude.

Horrekin  guztiarekin, henaniarrentzat Hernani hobe bat sortzeko lanean ari dira denak elkarrekin, munduan ere bere eragina izan dezan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!