Txotx denboraldia

Sagardo dastaketa gidatua doan Iparragirren, «uzta berria azaltzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 9a, 00:00

Sagardotegiko sagardoak dastatu ahal izango dira dastatze gidatuan.

Otsailaren 21ean egingo da, 19:30etatik 20:30etara. Izen ematea irekita dago 943 55 03 28an.

Euskal Sagardoaren laguntzarekin batera, Iparragirre sagardotegiak sagardo dastaketa gidatua antolatu du otsailaren 21erako. Bertan parte hartzea doan izango da, eta izen-ematea irekita dago, 943 55 03 28 telefono zenbakian; plazak nugatuak dira.

 

Uzta bakoitzak, bere ezaugarriak

Arantxa eta Ana Eguzkiza Beobide ahizpek daramakite Iparragirre sagardotegiko martxa, eta sagardo dastaketa gidatu hau antolatu dute, «gidari batekin, txiria irekitzen denean dastatzen dugun sagardo berria aurkeztea» helburu.

«Sagardogileon ardura da gure etxeko sagardoak aurkeztea, kulturaren zabalkundea bermatzea»

Sagar uzta bakoitzak bere ezaugarriak dauzka; etxe bakoitzak, sagar mota eta sagardo desberdinak; eta txotx garaian, sagardoak prozesu desberdinetan egoten dira: batzuk atzerago, besteak aurreratuago, gorputz haundiagoarekin, arinagoak... Hori horrela, Iparragirrek jendeari azaldu nahi dizkio ezaugarri horiek guztiak, eta, bide batez, etxeko sagardoak aurkeztu. Hala azaldu dute Eguzkizatarrek: «Sagardogileon ardura da gure etxeko sagardoak aurkeztea, eta honen inguruan pedagogia egin eta kulturaren zabalkundea bermatzea, dakigunaren neurrian».

Txotx garaia aukeratu dute dastaketa gidatu honetarako, hain zuzen, txotxaren oinarria ere horixe delako: sagardoak nola datozen probatu eta botilaratu aurretik aukeratu ahal izatea.

 

Euskal Sagardoa eta ekologikoa

Iparragirre Hernaniko erriberan dago kokatua, eta sagastiez inguratuta. Hain zuzen, etxeko sagarraren aldeko apustua egin du beti, eta azken urteotan, sagasti eta sagardo ekologikoa eta bertako jakien alde egin du. Baita Euskal Sagardoa jatorri deitura daukan sagardoa ekoiztearen alde ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!