ERREMONTEA

Barrenetxeak beste txapela bat nahi du

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00

Urriza eta Barrenetxea pelota aukeraketan.

Master Txapelketako finala jokatuko du gaur, buruz buru Galarretan, Urriza txapeldunaren aurka.

Master Txapelketaren finala jokatuko du gaur Endika Barrenetxea hernaniarrak Javier Urriza iruñearraren aurka. Buruz buruko txapelketa da eta atzelari hernaniarrak beste txapela bat nahi du. Udaran Buruz Burukoaren txapelketa nagusia irabazi zuen, Urrizaren aurka, eta Master txapelketan lehendabizikoa lortu nahi du.

Urriza da txapelaren defendatzailea eta bide batez udarako porrotaren errebantxa ere nahi du. Ezustekoan galdu zuen Barrenetxearen kontra eta partidu haren arantza atera nahi du.

Azken hilabeteetan bi txapel nagusietan biak izan dira protagonista. Binakakoan ere finalera iritsi ziren eta orduan Urrizak eraman zuen txapela. 2019 urtea ezin hobea izan da Barrenetxearentzat txapela asko irabaztetik gertu egon eta gero. Gainera, A multzoan partidu gehien irabazi duen erremontista izan da eta urtean zehar gehien nabarmendu dena.

Master txapelketa irabazteak denboraldia borobiltzea suposatuko luke Erremontista onenaren jaialdiaren aurretik.

Hala ere ez da erraza izango. Aurrean azken urteotako erremontista onena izango du. Urriza izan da jaun eta jabe buruz buru eta Master txapelketaren palmaresa edo historiala ikusi besterik ez dago.

Lehendabiziko bi urteetan Ezkurra nagusitu zen. Ondoren Urrizak irabazi zituen bi txapela, Utergak hartu zion erreleboa beste bi txapelekin, eta azken hiru urteetan Urriza bera izan da txapeldun. Beraz, bost garaipenekin txapelik gehien lortutako erremontista da.

Sakearekin min egin eta hortik nagusitzen hasi
Pasa den asteartean peloten aukeraketa izan zuten eta Barrenetxea konfidantza osoarekin agertu zen. Lehendabiziko aldiz parez pare ikusten du Urriza eta gogotsu azaldu zen rol edo paper berri horretan.

Irteera gehiagoko hiru pelota aukeratu zituen. Bere doai nagusiarekin, sakearekin, min egin nahi du eta horretarako pelota bizia ongi datorkio. Emaitza gaur ikusiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!