arrauna

Hernani Arraun Taldea bizi bizirik dago hamar batelekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00

'Maialen' trainerua otsailaren 22an estreinatuko da Hondarribiako jaitsieran eta aurten Donostiarrarekin akordio batera iritsi da taldea.

Hernani Arraun Elkartea arraun denboraldian buru belarri sartuta dago ez baita traineruataz bakarrik bizi arrauna. Urtean zehar batel, trainerila, aulki mugikorra eta azkenaldian llagut estropadak ere izaten dira. Hernaniko neska-mutil arraunlariak batel ligaxkan dabiltza momentu honetan eta Maialen trainerua oraindik ere apaletan dago zintzilik. Hala ere neskak badabiltza udarako denboraldia prestatzen.

«Mediterraneoko Llagut ontzi motan entrenatzen dute neskek Pasaian»
Xabier Zabala entrenatzaileak argitzen du denboraldia nola datorren 2020an. «Oraingoz bederatzi neska dabiltza entrenatzen eta Pasaira joaten hasi gera. Llagut ontzian aritzen dira». Llaguta Mediterraneoan erabiltzen den ontzi mota bat da, hemengo traineruaren tankerakoa, baina zortzi-bederatzi arraunlari joaten dira bertan.

Hala ere denboraldia osatzeko arazorik ez da egongo. «Aurten Kataluinia eta Valentzia aldetik arraunlari gutxiago etorriko dira, hiru, baina Donostiarrarekin akordio luzatu dugu nesken trainerua osatze aldera. Donostiarran jende ugari dabil, bi traineru ere osatzen dituzte, eta udaran bertatik etorritako neskak ariko dira Hernanin».

Lehendabiziko traineru estropada berehala dator. «Otsailaren 22an Orioko jaitsieran estreinatuko gara. Guk dauzkagun bederatzi arraunlariak, aipatutako hiru neska kataluniar eta valentziarra, gehi Trintxerpetik etorriko den neska batekin irteeran egongo gara». Lehiaketarekin lehendabiziko kontaktua izango da hori. «Betiko arazoak dauzkagu entrenatzeko. Ezin blokea egin, baina hemendik udara bitarte lau asteburutan etorriko dira kanpotarrak eta honela kalitatezko entrenamenduak egingo ditugu denak batera».

Bederatzi neska daude klubean eta traineru denboraldiari begira Katalunia eta Valentziako hiru arraunlari gehituko dira, Trintxerpeko bat eta Donostiarratik utzitakoak etorriko dira.

Aurten Maialen traineruak emango duen maila zaila da aurreikustea Zabalaren ustez. «Neskak hobeto dabiltza arraunean, hobeto ikusten ditut, eginagoak daude. Arraunlari batek ikasketengatik utzi behar izan du denboraldia hasi eta gero, baina bestela taldea aurreko urtean baino hobeto ibiltzeko prestatuta dago. Hori bai, aurrerago ikusiko da gure maila. Ez lehendabiziko jeiitsiera horretan».

Oraingoz klubeko talde desberdinak batelean daude. «Aurten jende aldetik ongi gaude. Hamar batel atera ditugu eta aipagarria da neskak gehiago animatzen direla orain. Maialenen eragina nabaria da.

Xabier Zabalak neska nagusiak entrenatzen ditu eta beste mailetarako Iñigo Ocon eta Xabat Pastorren laguntza du besteak beste. «Jubenilekin dabil Ocon. Hernanin bizi da eta aurretik patroi bezala aritu zen Hernanin. Aurreko urtera arte azken denboraldian Hibaikan ibili zen eta Kontxako banderaren bigarren jardunaldiko festan konbentzitu nuen gurekin etortzeko. Xabat Donostiarran dabil arraunean eta Hernaniko neska infantil eta kadeteak entrenatzen ditu. laguntza beharrezkoa da klubak aurrera jarraitu nahi baldin badu».

«Hernani erakargarria da leku erosoa eta atsegina baldintza onak eskaintzen ditugulako»
Xabier Zabalak goxotasuna bilatzen du jendea erakartzeko. «Talde txikiek kirola egin nahi duen jendeari leku egokia, kalitatezko materiala, baldintza onak, atsegintasuna eta goxotasuna eskaini behar ditugu. Bertara etorri eta gustora egon behar du arraunlariak. Berez sakrifikatua da arrauna eta hori xamurtze aldera klub eroso bat eskaintzen dugu». Hernaniko klubean arraunlariek puntako instalakuntzak dituzte eta askoren inbidia izan daiteke.

«Talde eginagoa ikusten dut, baina batera entrenatzeko arazoak daude»

Tamalez herria gertu ez egotea aldiz, eragozpen bat da. «Ez gaude herritik eta herritarrengatik gertu beste herri askotan bezala eta horrek ez du laguntzen, baina txoko polita antolatu dugu klubean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!