berriak elkartea

Stock Azokan, produktu asko kostu preziotik behera

Kronika - Erredakzioa 2020ko otsailaren 8a

Asko aldatu dira merkealdiak, azkeneko urteotan; erosketa ohiturak ere asko aldatu dira eta. Merkatal gune haundiek eta internetek eragin dute hori, eta orain, ohikoa da urtean zehar deskontu kanpaina ugari egitea: ostiral beltzekoa, Gabonen aurrekoa... Bezeroak dagoeneko ez daude merkealdien zain. Lehen, urteko bi unetan soilik izaten ziren deskontuak. Eta orain, urtarrileko merkealdiak iristerako, beharbada 15 egun daramazkigu deskontu kanpainarekin, Gabonetarako hala egitea behartzen baitu gaur egungo merkatuak.

Testuinguru horretan kokatzen da, datorren astean egingo dugun Stock Azoka; otsailaren 13an eta 14an, Plaza Berrin. Merkealdiak bukatuta, biltegia hustu beharra daukate dendek, denboraldi berriko produktuez hornitzeko. Eta horregatik, askotan, kostu preziotik behera ere saltzen dituzte produktuak, Stock Azokan; ordaindutako guztia ez bada ere, zati bat berreskuratu behar dutelako, fakturak ordaintzeko.

Ohikoa izaten da, pentsatzea %70eko deskontua egiten duenak, irabazi oso haundia daukala deskonturik gabeko prezioan saltzen duenean. Baina errealitatea da, %50eko deskontu batekin, normalean kostu prezioan saltzen ari direla; eta batzuetan, dirua galtzen ere bai, dagoeneko.

Kontuan hartu behar da, bestalde, deskontuak egiteko aukera oso ezberdina dela sektorearen arabera. Zapata dendek, elektrogailuen dendek edota informatika dendek, esaterako, oso aukera mugatua daukate deskontuak egiteko, irabazi marjina txikia dutelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!