ZUHAITZ EGUNA

Zuhaitzak landatzeko eguna da gaurkoa

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00

Aurreko urtean, ederki pasa zuten zuhaitzak landatzen.

Gaur ospatuko da 47garren zuhaitz eguna, Joxe Legarretaren omenezko XXXIII. edizioa izango da.

Gaur ospatuko da 47garren zuhaitz eguna Hernanin, eta bertara joateko bi aukera daude, oinez, 08:00etan, edo autobusez, 09:00etan.

Bertako haritzak landatuko dira aurtengo Zuhaitz Egunean, Hernanin, eta horretarako aukeratutako landa eremua Larre Gainen ondoan dago. Kaldera Zaharretan egingo dira landaketak; «200 bat landatuko dira», Roxario Pikabea basozainaren esanetan.

Autobus zerbitzuak
Zuhaitzak landatzera joateko, autobusa aterako da Elkano kaletik, Biteri ondotik, 09:00etan. Oinez ere joan ahal izango da 08:00etan Plazatik aterata. Parte hartzeko nahikoa izango da azaltzea. Autobusa Irubideraino joango da. Handik, oinez egingo da ibilbidea Zepadiko putzura, eta segidan, Kaldera Zaharretara.

Buelta, Larre Gainen barrena egingo da, eta Ereñotzun hamaiketakoa egin ahal izango da; nork berea eraman behar du. Hernanira bueltatzeko autobusa Ereñotzutik aterako da 13:00ak inguruan.

XXXIII.edizioa
Aurtengoa 47garren Zuhaitz Eguna izango da, Joxe Legarretaren omenezko XXXIII. edizioa. Bereziki haurrei zuzendutako ekitaldia izaten da, baina helduek lagunduta joan behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!