Euskal memoria

«Esaten dute ETArekin hasi zela indarkeria, eta su-etenarekin bukatu zela, eta hori gezurra da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00
Asteleheneko bisita gidatuak eman zituen Joseba Zabalzak erakusketaren inguruko azalpenak.

Euskal Memoria Fundazioak antolatutako 'Gogoan hartzeko izenak' erakusketarako bildu ditu argazkiak Joseba Zabalzak, 5 urtetan zehar Euskal Herrian barrena ibili ondoren. Biterin ikusi daitezke, hilaren 14ra arte.

«Denok oihukatu genuen milaka manifestaziotan 'herriak ez du barkatuko' edo 'ez du ahaztuko', baina, azkenean, mina geratzen da familietan». Horrela azaldu zuen Joseba Zabalza argazkilariak zein den Biterin jarri duen Gogoan hartzeko izenak argazki erakusketaren zutabeetako bat, asteleheneko inaugurazioan egindako bisita gidatuan.

Euskal Memoria Fundazioak antolatua, izen bereko liburuan oinarrituta dago. Bertan, 105 kasu bildu ditu Zabalzak. «Bost urtez Euskal Herrian alde batetik bestera ibili naiz argazkiak egiten, eta hau da emaitza». Erakusketan, noski, batzuk agertzen dira. «Ezinezkoa zen kasu guztiak jartzea».

Otsailaren 14ra arte ikusi ahal izango da Biterin, eta aurpegi ezagun askorekin egingo dute topo bisitariek: Felipe Sagarna Zapa edota Mikel Salbador hernaniarrak; Joseba Barandiaran astigartarra; Juan Carlos Alberdi Krakas, Urnietan bizi zen astigartarra...

Lekuak, familiak eta ametsak
Lanaren jatorria zein izan den azalduz hasi zuen Joseba Zabalzak bisita gidatua. «Kotxean nijoala entzun nuen albistea, esaten zuena biktimak izan direla ETAk egindako ekintzetan izandako larri zaurituak edo hildakoak. Eta pentsatu nuen: 'non geratu dira beste izen batzuk?'. Berehala pentsatu nuen betiko izen ezagunetan: Josu Muguruza, Lasa eta Zabala, Mikel Zabalza... Baina, gero, irakurri nuen liburu bat: Euskal Memoria Fundazioaren Gernikako seme-alabak, eta hor agertzen ziren beste kasu batzuk, mota desberdinetakoak». Eta hortik tira zuen.

Lana osatzeko hiru zutabetan oinarritu da. Batetik, lekuak. «Niretzat oso inportanteak dira; jendearentzat ere bai. Horregatik dauzkagu errepideetan lore-sortak, nahiz eta kristauak ez izan. Nik, adibidez, Endarlatzatik pasatzean pentsatzen dut Mikel Zabalzarengan, edo Aldapetatik jaistean, Joseba Barandiaranengan». Bestetik, familiarretan oinarritu da, eta biktimen senitartekoei egin dizkie argazkiak. «Mina geratzen da familietan». Ez da beti erraza izan, hala ere. «Batzuek ez dute agertu nahi izan, liburuan ETAko militanteak ere agertzen direlako. Baina, niretzako, hori muga bat zen. Badakit desberdinak direla; batzuk parean pasa zirelako hil zituzten, besteak ETAko kideak ziren. Baina niretzako denak dira biktimak. Gero, batzuek esaten dute ez direla biktimak, gudariak baizik... Hori beste eztabaida bat izan daiteke». Eta azkenik, ametsak irudikatu eta gogorazi nahi izan ditu. «Jakin nahi nuen zein ziren beraien ametsak. Zaparen argazkia, adibidez, danborra jotzen, oso polita da. Baina militanteen kasuetan zaila izan da horrelakoak lortzea, miaketetan dena eraman zutelako». Naparraren kasuan aita bolantearekin zergatik erretratatu duen ere azaldu zuen. «Kotxea agertu zen, baina gorpua oraindik ez. Poliziak aitari esan zion ea zerbait eraman nahi zuen oroigarri gisa, eta bolantea hartu zuen. Harentzat garrantzitsua da. Eneko, anaia, datorren astean NBEra joatekoa da, ea zerbait egiten duten gertatutakoa argitzeko, eta gorpua non dagoen jakiteko».

Mota guztietako biktimak
Zabalzak ez ditu hildakoen kasuak bakarrik bildu. «Larri zauritutakoak edo bahiketa azkarrak ere izan ziren. Edo gogoratu Mikel Arrestia, Oreretakoa. Beldur ikaragarri batekin, miaketa baten ondorioz, salto egin bigarren pisutik, eta hil egin zen».

Eta biktima horiek denak nork eragin dituen begiratuta ere, mota askotakoak bildu ditu Zabalzak. «Iñigo Cabacas izan da kaleetan izan den azken biktima, kartzeletan badira geroko beste batzuk, eta orduan ETA ezer egin gabe zegoen». Horrela, urte asko hartu ditu kontuan. «Hasieran pentsatu nuen 60eko hamarkadatik aurrerako kasuak biltzea. Baina, agian, arrazoi emango nien batzuei; esaten dute ETArekin hasi zela indarkeria, eta su-etenarekin bukatu zela, eta hori gezurra da». Horregatik gogoratu du, esaterako, Txomin Letamendi Murua, EAJko militante bilbotarra, tronpeta-jole ona. «Kartzelan ikaragarrizko torturak jasan, eta handik urtetara hil zen Madrilen, anaiaren etxean». Hain zuzen, horrelako kasuak ere kontuan hartzekoak direla dio. «Torturarekin, edo hiltzen zara momentuan, edo poliki-poliki. Paco Etxeberriaren informearen arabera, 6.000 baino gehiago dira, eta askok ez dute inoiz esango torturatuak izan zirenik. Zein herri txikia daukagun, eta zein gogorra izan den dena. Gure herrian izan dugu karea Frankismoan, Gerra Zibilean, eta baita gure demokrazia polit honetan ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!