Hilabete darama martxan, Arnas ongizate zentroak, Nadia eta Mirenen eskutik, baina oso pozik daude hasierarekin: «oso harrera ona izan dugu bezeroen aldetik, eta oso eskertuta gaude». Nagusiki fisioterapia eta osteopatia lantzen dute bertan, baina yoga eta K Stretch klaseak ere ematen dituzte bertan. Guztien helburua bera da: «bilatzen duguna da ongizatea, zentzu guztietan, ariketa bidez zein egon daitezkeen lesio eta minak tratatuz».
Eta guztia barne hartzen duen kontzeptua da arnasketa, zentroari izena ematen diona: «gauza pila bat islatzen dira gure arnasketan. Barre egiten dugunean arnasketa bat egiten dugu, negar egiten dugunean beste bat, eta apuratuta gaudenean beste bat ezberdina. Beraz, hori landuta, iritsi gaitezke tentsioak lasaitzera, eta ongizatera. Horregatik, garrantzia ematen diogu arnasketari, bai fisioterapia tratamenduetan, eta baita ariketetan ere», azaldu dute.
Edonorentzako modukoak dira guztiak, eta pertsona bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitzen dituzte, tratu pertsonala eskainiz: «bioi gustatzen zaigu jendearekin tratatzea, eta bezero garenean, gertuko jendeak egitea arreta; beraz, gu ere saiatzen gara gertutasun hori eskaintzen».
Fisioterapia eta osteopatia lantzen dituzte goiz eta arratsalde, zita eskatuta. Lesioak sendatzeaz gainera, prebentziorako oso egokia da fisioterapia. Eta osteopatiak konplementatzen du hori, baina «sakonagoa» da: «kontuan hartzen dira organoak, pertsonaren egoera emozionala... Burezurreko lesioak tratatu ditzake, eta ume txikietan ere oso ondo funtzionatzen du», azaldu dute.
Yoga klaseak, oraingoz, arratsaldez ematen dituzte: «Ashtanga metodotik abiatuta, maila bajuenetik hasi gara, eta asmoa da garatzen eta maila igotzen joatea». Eta K Stretch klaseak, eguerditik arratsaldera dauzkate: «gure postura da gertatzen zaigun guztiaren emaitza; min bat baldin badaukagu postura aldatzen dugu, poz-pozik bagaude beste bat da postura… Hortik abiatuta, tentsio batzuk sortzen dituzu kate muskularretan, eta horiek lasaitzeko eta gure posturaren barruan libreago mugitzeko, oso aukera polita ematen du K Stretch metodoak. Etzanda egiten den ariketa multzo bat da, erraza, eta edonorentzako modukoa». Yogan zein K Stretchen, eskariaren arabera sortuko dituzte talde berriak.