Pilotua

«Niretzat, izugarrizko lan eta esfortzu baten ondoren egi bilakatu den amets bat da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00

Azkueren lehenengo hegaldia bakarrik, Madrilen.

Josu Azkue hernaniarrak beti izan ditu lur, itsaso eta aireko garraiobideak gustuko, hala ere, txikitatik izan du hegazkinenganako interesa, eta jakin-mina. Eta gaur egun, bere ametsetako bat errealitate bilakatu dela esan daiteke.

Haurra zenetik gustuko izan ditu mota guztietako garraiobideak Josu Azkue hernaniarrak, lurrekoak, itsasokoak baina bereziki, airekoak. Urteak aurrera joan ahala, hegazkinenganako interesa geroz eta handiagoa zen, eta «hontaz lana egiteko aukera bazegoela kontuan hartu nuen».  Pausu txikiak ematen hasi zen, informatzen nola izan zitekeen pilotua, zer ikasi behar zen... «hasiera batean zaila izan zen, ez baineukan beharrezko informazio nahikoa pilotu izateko eta zer egin behar zen jakiteko». Gainera, momentu hartan, pilotuen egoera «oso kaxkarra zen krisi ekonomikoa zela eta». Hori horrela, ingenieritza ikasketak hastea erabaki zuen Azkuek, baina karreran ikasten jardun zuen bitartean, konturatu zen ez zela pilotu izateko nahi hutsa bakarrik, «bokazio gauza zen». Hortaz, gradua amaitu zuenean, momentu onenean ikusi zuen bere burua Azkuek, eta «pausu haundi bat eman nuen eta Madrilera joan nintzen, pilotu izateko ikasketak hastera».

Pilotu ikasketak

Pilotu izatearen atzean, formakuntza pisutsu eta garrantzitsu bat dago, ikasketa bi fasetan oinarritzen da, «jakintza teorikoak eta praktikoak». Lehenengo pausua, ezaguera teorikoak bereganatzean oinarrituz, eta honen baitan 14 ikasgai desberdin sailkatzen dira, besteak beste: «nabigazio sistemak, medikuntza aeronautikoa, zuzenbidea, aerodinamika, meteorologia, komunikazioak...» Behin jakintza teorikoko azterketak gaindituta, bigarren faseari ematen zaio hasiera. «Ikaskuntzaren alde politena: hegaldia», hegazkin txikienetik hasten dira, «pixkanaka geroz eta handiagoak pilotatzen ikasten dugu». 

Ikasle zenean, lehenengo hegaldia egin zuenekoa, Cuatro Vientosen

Lehen aldiak, beti bereziak 

Lehen aldiak beti izan ohi dira bereziak, lehen partiduak, lehen  esperientziak, eta Azkueren kasuan ere lehen hegaldia, «berezia izan zen». Egun ederra zen, «zerua urdin-urdin, nahiko haizetsua, baina hegan egiteko ederra. Etxetik dena prest eraman nuen, edo hori uste nuen behintzat!». Prozedura normalak, eta emergentzia prozedurak buru­an zeuzkan Azkuek, «hegazkina eta bere atal guztiak goitik behera jakinda», baina hegazkinera sartu eta instruktorearen ondoan eseri zenean, «etxean oso argi nuen guztia iluntzen hasi zitzaidan». Nahiz eta Azkuek gauza mordoa barneratu behar izan, inoiz baino gehiago gozatu zuela adierazi du. 

Bakarrik pilotatu zuen lehen eguna ere gogoan du Azkuek, «hau munduko pilotu guztiek oso gogoan duten gertakari bat da, imajinatu dezakezu.. lehenengo aldiz bakarrik hegazkin barrura sartu, hegaldirako dena prest utzi, eta aireratzean.. orain bakarrik lurreratu behar ere!». Azkuek dio, ezin deskribaezina dela lehen hegaldi batean senti daitekeena, baina «zalantzarik gabe munduko pertsona zoriontsuena izan nintzen momentu horretan!».

Botoiak, palankak eta botoi gehiago

Kabina baten baitan, hamaika botoi eta palanka daude, eta kanpotik zaila badirudi ere, Azkuek argi du behin hegazkin baten eserlekuan esertzean, duda gutxi sortzen zaizkizula. «Egia da hegazkin mota berri bat pilotatzen ikasten ari zarenean ez duzula erosotasun guztia, lehenengo aldiz auto berri bat gidatzen duzun bezala. Baina  hegazkineko botoi eta palanken funtsa, eta hauekin egin beharreko guztia aldez aurretik ikasia daramazu, beraz duda gutxi sortzen zaizkizu». Erosotasunari dagokionez, «denbora kontua da, besterik gabe! geroz eta gehiago ezagutu hegazkinak daramatzan sistemak eta prozedurak, orduan eta erosoago sentitzen zara eserleku horretan, bai eta segurtasun handiagoarekin pilotatuko duzu hegazkina». 

Instrumentu bidezko hegaldien fasea egiteko erabiltzen diren hegazkin batean.

Murphyren legerik ez, abiazioan

Azkuek argi utzi du, abiazioan normalki ez dela Murphyren legea betetzen, «zerbait gaizki atera baldin badaiteke, ondo ateratzen da, eta ez alderantziz». Horregatik, dira hain gutxi, hegazkinei lotutako gertaerak. Horregatik, pilotuen prestakuntza da hain garrantzitsu, sakona eta zorrotza, «Murphyren legea betetzen den egunean de­na ondo suertatzeko, aste honetan Madrilen Air Canadaren hegazkinarekin getatu den mo­du­an».  Hala ere, Azkuek, izan zu­en estutasun egoera bat, «ni­re hegazkineko komunikazio sistema hondatu zen eta kontrol-dorrearekin komunikazioa guztiz galdu nuen, eta noski lurreratzeko guztiz beharrezkoa zen».  Larrialdi egoera honetan, Azkuek hotz jokatu, eta kasu horietako prozedura jarraitu zu­en, «kontrol-dorrearekin komunikazio bisuala lortu ondoren, lurreratu nuen». Egoera hauetarako prestatuak daudela adierazi du Azkue pilotuak, hala ere «beti ikasten da zerbait ustekabeko esperientzia hauetatik». 

Azkuerentzat, pilotu izatea amets bat izatetik, errealitate izatera bilakatu da, «alde batetik, izugarrizko poza ematen dit pilotu izateak, niretzat izugarrizko lan eta esfortzu baten ondoren egi bilakatu delako, txikitatik nuen amets hori!». Pilotua izatea «desberdina» dela adierazi du Azkuek, «erantzukizun handikoa da lan hau, eta ez du edonork halako leku batean lana egiteko aukerarik, baina bestalde, beste edozein lan bezain errespetagarria iruditzen zait, nahiz eta ez uniforme itsuroso bat eraman». 

Badirudi, askotan pilotu iza­te­agatik, egunerokotasuna «as­ko» aldatzen dela, eginbehar ge­hiago daudelako. Azkueren ka­suan behintzat, ez da horrela, «hegan, jan eta lo» hau erre­pikatzen du egunero pilotu her­naniarrak, «orden desberdinetan!». 
Lan egiteko toki gustukoa eta ez hain gustukoak izaten dira, eta Azkueren kasuan, Hondarribiko aireportua du gustu­ko­en, bertan hasi baizen bere hegaz­kinetako afizioa handitze­n, «bertara hurbiltzen nintz­e­n hegazkinei eta paisaiari argazkiak ateratzera, eta gainera, aireratzeko bai eta lurreratzeko aireporturik politenetakoa da, inguruko paisaia (Jaizkibel, Aiako harria, itsasoa...) ezin hobea baita!» Argi du, ez dela urrutira joan beharrik gauza ederrak ikusteko. 

Orain artekoak, eta hemendik aurrerakoak

Pilotu hernaniarrak orain arte bizi izan dituen esperientziak «ezin hobeak izan dira, kurtsoa zerotik hasi nuen lehenengo egunetik, pilotu izateko lizentzia jaso nuen egunera arte, eta hau hasi besterik ez da egin!». Hori bai, Azkuek gurasoen laguntza azpimarratu du behin baino gehiagotan, «guzti hau ni­re gurasoei esker egin ahal izan dut, berain laguntzarik gabe ez nintzateke hau kontatzen egongo, eta hortaz, merituaren zati handi bat beraiena da!». 
Denbora eta sakrifizio ugariren ostean, Azkuek lortu zuen pilotu izatea, eta orain hainbat proiektu ditu buruan, «ahalik eta gehien hegan egin, eta bitartean pilotu instruktore izateko kurtsoa egiten ari naiz oraintxe, irakaskuntza ere gogoko dudalako, bai eta profesionalki ate asko irekitzen zituelako», Azkuek esperientzien zakua betetzen jarraitu nahi du, eta «zoriontsu izan». 
Pilotu izan nahi duten oro animatu nahi izan ditu Azkuek, oraintxe lan-merkatuaren momentu paregabe batean baitago abiazioa, «ez da bide erraza, baina guztiz merezi du!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!