ELKARTASUN FESTA

Aspanogi laguntzeko festa, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 5a, 00:00

Astelehenean aurkeztu zuten Easo Politeknikoko ikasleek, Elkartasun Festa.

Minbizia duten haurren guraso elkarteari laguntzeko bideratuko da lortutako dirua. Easo Politeknikoko ikasleek antolatu dute festa, Añorgan.

Easo Politeknikoko Gizarte eta Kirol animazio eta irakaskuntzako ikasleak Elkartasun Festa antolatzen ari dira larunbaterako, Aspanogi elkartea, minbizia daukaten haurren guraso elkartea laguntzeko.

Ikasle horietako bat da Ainhitze Kalonje hernaniarra, eta herritar guztiei egin diete deialdia, festan parte hartzeko. Añorgan izango da, eta «bertan bildutako dirua Aspanogi elkarteari emango» diote.

 

Porrotx, dantzari eta aizkolariak

Larunbatean, goizeko 10:00etan emango diote hasiera egitarauari: tonbola, twister edota dardo eta saskibaloi egokitua, puzgarriak eta eskalada izango dira aukeran. Hasiera ekitaldia, hala ere, 10:30etan egingo dute, Beñat Gaztelumendi bertsolariarekin, eta segidan, kantujira egingo da.

Gero, Porrotx pailazoak ikuskizuna emango du 11:30etatik 12:00etara, eta ordu horretan Iker Vicente eta Eneko Saralegik hartuko dute erreleboa, aizkoran. Dantzariak izango dira segidan, 12:30etatik 13:00etara, eta denontzako zunba saioarekin bukatuko da eguna, 13:45etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!