Beste musika proiektu batzuetan parte hartu ondoren, Ainhoa Larrañaga aktore eta musikari gazte hernaniarrak bere aurreneko diskoa kaleratu berri du: Eskuminak. Dagoeneko single-a ikusi daiteke sare sozialetan, eta aurkezpen kontzertua larunbatean emango du.
Emanaldia Donostiako Doka antzokian izango da, otsailaren 8an; iluntzeko 20:00etan irekiko dira ateak, eta 20:30etan hasiko da kontzertua. Sarrerak salgai daude 10 euroan, musikaze.net webgunean. Egunean bertan, Dokan, 13 euroan salduko dira.
Jazza, soula eta swinga, bat
Bakarkako aurreneko lan honetan hainbat musika estilo nahastu ditu Larrañagak; esaterako, jazza, soula eta swinga.
Emanaldian, Erabakiak single-az gain, beste hainbat doinu abestuko ditu bere bandak lagunduta: Iker Lauroba kontrabaxu eta sintetizadoreetan, Garazi Esnaola pianoan, Amaia Miranda gitarran eta Haritz Lauroba baterian.
Larrañagaren diskoa aurkezteaz gain, kontzertuan, Iker Laurobak Beste urtaroak proiektuaren barruan folk doinu melodikoekin osatu duen Neguak diskoa ere aurkeztuko du.