LHII IKASTETXEA

Ikaskuntza kolaboratiboa oinarri duen ETHAZI metodologia zabaltzen, Lanbide Heziketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 5a, 00:00
Metodologia aplikatzeko espazioak ere sortu dituzte, birziklatzearen alde eginez.

Iazko ikasturtean bi ziklotan jarri zuten martxan ETHAZI metodologia, eta hiru ziklotan eta maila guztietan aplikatu du Gizarte Berrikuntza LHII ikastetxeak orain.

Pasa den ikasturtean jarri zuten martxan ETHAZI metodologia, Gizarte Berrikuntza LHII, Hernaniko Lanbide Heziketako ikastetxean. Esperientziarekin pozik, zabaldu egin dute, ziklo gehiagotara.

 

Erronkaz erronka, hainbat gaitasun lantzen

Lehengo urtean Diseinu mekanikoko eta Elektrizitate zikloetako aurreneko mailetan aplikatu zuten «metodologia berritzaile» hau. «Ikaskuntza kolaboratiboa du oinarri, eta ikasleek, taldeka, aurkezten zaizkien erronka ezberdinei egin behar izaten diete aurre. Bukaeran, gaitasun teknikoez gain, ikasleek beharrezkoak diren zeharkako gaitasunak ere lortzen dituzte. Hala nola, autonomia, talde lana, arazoen ebazpena...», azaldu dute.

Emaitzarekin pozik, zabaldu egin dute metodologia, eta aurten, Diseinu mekanikoko, Mekanizatuko eta Elektrizitate zikloetako 1 eta 2 mailatan aplikatu da. «Iaz erronkek ziklo berdineko moduluak batzen bazituzten, aurten ziklo ezberdinetako moduluak batu dituzte».

 

Espazio berriak sortzen

ETHAZI metodologia aplikatzeko, material pedagogikoa aldatu behar izan dute, eta horrez gain, espazio berriak sortu dituzten; «ETHAZI GELA deitu diegun 140m2-ko bi gela polibalente».

Azpimarratu dute, gainera, gelak eraikitzean birziklatzearen alde egin dutela: «elementu zaharkitu ugariri bigarren bizitza eman zaie». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!