Boleibola

Asteburu ona nagusien garaipenekin eta neska kadeteen lidertzarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 00:00

Hernaniko jokalaria sakean larunbateko partiduan.

Mutil eta neska nagusiek 3-0 irabazi zuten Aranbizkarra eta Goierriren aurka eta bigarren urteko kadeteek Summa garaitu zuten.

Asteburu ona eduki dute Hernaniko boleibol talde desberdinek. Sei taldek jokatu zuten eta bostek lortu zituzten garaipenak eta bakarrak galdu zuen. Mutilen eta nesken talde nagusiek arazorik gabe lortu zituzten garaipenak etxean. Mutilek Gasteizeko Aranbizkarraren aurka jokatu zuten Euskal Ligan eta garaipen erraza lortu zuten.

Bi taldeen artean alde haundia zegoen. Gasteiztarrak azkenak dira sailkapenean eta nabaritu zen. Hernanik 3-0 irabazi zuen eta seten markagailuak ondorengoak izan ziren: 25-16, 25-13 eta 25-10. 

Hurrengo partiduari begira jarrita daude dagoeneko hernaniarrak. Bosgarren daude sailkatuak eta aste bukaeran Laredon izango dute partidu garrantzitsua. Garaipen batek bosgarren postua ziurtatuko luke eta gora begira jarri ere bai.

Gipuzkoako Ligan, neskak aurreko asteko porrotaren ondoren, aste hontan garaipenaren bidera itzuli dira eta Goierri taldeari erraz gainditu diote. 25-8, 25-12, 25-8 emaitzak argi adierazten du bi taldeen artean dagoen joko mailaren aldea. 

Bigarren urteko kadete neskak, Summa 2 hartu zuten etxean eta lehen jokoa oso ona eta orekatua izan zen bi taldeen artean. Azken punturaino burrukatu zuten eta 26-24 amaitu zen etxekoen alde. Ondoren donostiarrak behera etorri ziren, bigarren jokoan 25-14 galduz. Azken jokoan hernaniarrak neurria mantendu zuten 25-21 irabaziz eta 3-0ko emaitza honekin hernaniarrak lehen postuan jartzen dira sailkapenean.

Lehen urteko kadete neskek ere garaipena lortu zuten Tolosan, Laskorainen aurka 0-3. Garaipen ona gazteenek lortutakoa.
Infantiletan etorri zen asteburuko porrot bakarra. Bigarren urteko infantilak Summa 2 izan zuten aurrez aurre eta liderrak ez zuen barkatu 1-3. Hernani ongi hasi zen lehenengo jokoa irabaziz, baina hurrengoak galdu zituen. Lehen urtekoek Fortuna Txiki garaitu zuten 0-3 Donostian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!