AZOKAK

Mozorro trukerako aukera, larunbateko azokan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 00:00

Bigarren eskuko azoka egingo da larunbatean, Urbieta kalean. Berezia izango da, mozorroak trukatzeko aukera izango baita.

Hilero egiten da bigarren eskuko azoka Hernanin, hileko bigarren larunbatarekin, eta otsailekoa aste honetan egingo da. Berezia izango da, gainera; Inauterietarako mozorroak depositoan utzi eta saltzeko aukera ere izango baita.

Mozorro eta osagarriak saltzeko aukera, depositoan utzita
Nahi duenak, ohi  bezala, postua jartzeko aukera izango du, dakarkien edozer saldu ahal izateko. Horretarako, aurretik telefonoz deitu behar da 682 741 366 zenbakira, tokia gorde ahal izateko.

Baina hil honetako azoka berezia izango da, postua jarri gabe Inauteriekin zerikusia daukaten mozorro eta osagarriak saltzeko aukera ere izango baita. Horretarako, azoka hasi baino lehen depositoan utzi ahal izango dira saldu nahi diren gauzak, goizeko 09:00etatik 10:30etarako tartean, horretara bideratuko den postuan. Ondoren, azoka bukatuta, 13:30etan berriro ere postu horretatik pasa beharko da, utzitako gauzak saldu badira, horri dagokion dirua eskuratzeko, eta saldu ez badira, berriro ere utzitakoa etxera eramateko.

Bigarren eskuko azoka hau, eguraldi ona iragarrita dagoenez, Urbieta kalean egingo da, goizeko 10:30etatik hasi eta eguerdiko 13:30ak arte.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!