IKUSKIZUNA

Gizonen arteko harremanak biluzten, 'Erik eta Win'

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 00:00

Ostiralean estreinatuko dute 'Erik eta Win', besteak beste, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek.

Kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika nahasten dituen Erik eta Win emanaldia estreinatuko da ostiralean, Lugaritzen. Bertan izango dira Imanol Kamio eta Aitor Atxega.

Ez gara Palestinaz ari! ikuskizuna osatu zuen Buhameak taldea bueltan da, eta proposamen berria dakarki: kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika nahasten dituen Erik eta Win emanaldia. Ostiral honetan, hilak 7 estreinatuko dute, Donostiako Lugaritz kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan.
Taldeko partaideak dira Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikari lasartear eta hernaniarrak. Asier Sotak zuzenzen ditu.

Hausnarketarako, umoretik
Taldeak eskainiko duen bigarren emanaldi honek ez dauka aurrenekoarekin loturarik, nahiz eta ezaugarri batzuk errepikatzen diren. Izan ere, oraingoan ere bi bertsolariek, Muñoa lasartearrak eta Lizarralde oiartzuarrak, beraien esperientzien kontakizuna egingo dute, «bizitzaren gaineko hausnarketa bat». Baina, oraingoan, elkar ezagutu zutenetik orain arte egin duten eboluzioa kontatuko dute, eta ez norbera dena edo intimitate propioa bakarrik.
Horrela, norbera bestearekin erlazionatzen denean gertatzen direnak izango dituzte aztergai: botere harremanak, elkarrekiko lehiak, batak bestearekiko izaten dituen interesak, besteari begiratzeko moduak, inbidiak, amorruak, maitasun keinuak, zaintzak... Era berean, azaldutakoaren arabera, «gizon bezala aztertzen dute euren burua, batetik, euren artean erlazionatzeko modua aztertzerakoan, eta bestetik, bakoitzak emakumeekin erlazionatzeko eduki duen modua erakusterakoan».

Azpimarratu dute, hala ere, gaiak sakontasunez hausnartu arren, umorea izango dela osagai nagusia; «denbora tarte eder bat pasatzeko parada izango dute ikus-entzuleek».

Hainbat diziplina, nahasian
Emanaldi honek beste berrikuntza bat ere badaukala azpimarratu dute taldekideek. Oraingoan ere, bertso doinuak erabiliko dira, baina bestelako doinuak ere gehitu dituzte: buleria bat edo son kubatarra, adibidez.

Horrez gain, abesteko modua ere asko zaindu izana azpimarratu dute, eta kantu bakoitzak bere koreografia izango du. Horrela, kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika uztartu dituzte.

Sarrerak salgai, ostiralerako
Aurreneko emanaldia ostiralean egingo dute, Donostiako Lugaritz kultur etxean, 20:00etan. Sarrerak 7 euroan daude salgai, www.donostiakultura.eus webgunean. Hurrengo emanaldiak  Asteasu, Zaldibia eta Oiartzunen dituzte, otsailaren 14, martxoaren 27 eta apirilaren 4an.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!