erraustegia

GuraSOSek «kontuz, ama naiz» kanpaina martxan jarri du

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 2a, 00:00

Donostiako aurkezpenean kanpainan parte hartuko duten amak eta umeak egon ziren.

«GHKak idatziz aitortu dio GuraSOSi ekainaren 11n istripu bat gertatu zela erraustegian, eta ez soilik matxura, orain arte zioten bezala» dio.

GuraSOSek kontuz ama naiz herri kanpaina jarri du martxan eta eta aldi berean azaleratu du GHKren (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa) agiri bat, non onartzen den 2019ko ekainaren 11n «istripu» bat gertatu zela, eta ez «matxura» bat, aipaturiko instalazioan.

«Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez betetzeagatik Zubietako erraustegia geldiarazteko egindako eskaria egin dugu» adierazi zuen GuraSOSek Donostian egin zuen agerraldian. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak ebazpena eman behar duen honetan, gizarte erakunde honek kontuz, ama naiz herri kanpainaren hasiera iragarri zuen.

Bular-esnearen analisiak egiteko prest toxikotasunaren analisi jarraitua egiteko
GuraSOSen ordezkariak agertu ziren, eta era berean ama batzuk, zeinak prest agertu ziren, baldin eta erraustegia abian jartzen bada, seme-alabei ematen dieten bular-esnean ager daitekeen toxikotasunaren analisi jarraituan parte hartzeko. Atzean kanpainaren kartela ikus zitekeen eta bertan ere ama talde honen partaideak ageri dira. Ordezkari horiek baieztatu dute erraustegiaren proiektua «geldiaraz daitekeela, abiaraztean izaten ari den zailtasun teknikoengatik ez ezik, zeinak jendaurrean ezkutatzen edo desitxuratzen diren, egiten ari diren irregulartasun eta legezkontrakotasunen metaketagatik ere, erraustegiaren izate antisozial eta antiekologikoa dela eta, tramitatzeko orduan burutzen ari direnak».

GuraSOSen salaketan jasoa dago, «IBB iraungia da eta espero da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak datozen egunotan hala aitortuko duela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!