Erakusketa

Tabakaleran ikusgai, Nagore Legarretaren 'Suzko irudiak'

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00

Erakusketa jarri du bertan, argazkilari hernaniarrak. Datorren asteazkenean egingo du inaugurazioa eta bisita gidatua. 

Suzko irudiak erakusketa estreinatu berri du Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak, eta Donostiako Tabakaleran daude ikusgai bere lanak, joan den asteazkenetik; zehazki, eraikineko laugarren solairuko Kutxa Kultur Plazan.

35 bat irudik osatzen dute erakusketa, denak ere Indian egindakoak, kolorezko karreteak eta poxpolo kaxa batekin eraikitako kamera bat erabilita. Poxpolo kaxekin egindako mural bat ere ikusgai dago erakusketan, eta baita prozesua azaltzen duen bideo bat ere. Erakusketa dagoeneko zabalik badago ere, otsailaren 5ean, datorren asteazkenean, egingo dute inaugurazio ekitaldia, eta baita bisita gidatua ere, iluntzeko 19:00etan hasita.

Era berean, beste zita bat ere jarri du hernaniarrak, Tabakaleran bertan: metalezko ontziekin argazkiak eraikitzeko lantegia eskainiko du, otsailaren 8an eta 9an, goizez. 6 urtetik gorako haur eta helduentzat izango da, eta parte hartzeko, izena eman behar da aurrez: kutxakultur. eus/eu/agenda.

'Suzko irudiak' erakusketa, martxoan Biterin
Tabakaleran jarri duen erakusketa, Suzko irudiak, Hernanira ekarriko du gero, Nagore Legarretak. Izan ere, Biteri kultur etxean egongo da ikusgai, martxoaren 10etik 28ra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!