emariak

Mahai jolasa sortu du Kalakak, emakume erreferenteak ezagutarazteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00
Emakume erreferenteen kartek osatzen dute 'Emariak' mahai jolasa.

'Emariak' liburuaren ildotik, izen bereko jolasa kaleratu du, emakume horiek ezagutzera emateko «modu dinamiko eta pedagogikoan».

Emariak emakume erreferenteen liburua argitaratu zuten, joan den urtean, Kalaka komunikazio taldeko Nerea Uria hernaniarrak eta Ilazki Gainza donostiarrak. Eta orain, mahai jolasa sortu dute, izen eta asmo berarekin: emakume horiek ezagutzera ematea, «modu dinamiko eta pedagogikoan».

40 kartaz osatutako jokoa da: 39 emakume erreferente, eta komodin bat. «Emakumeak hirunaka bildu ditugu, arlo des - berdinetan: dantzariak, pintoreak, biologoak... Helburua, liburuarekin bezala, emakume erreferenteak txikitatik ezagutzea da, eta helduei ere baliabideak eskaintzea, beste era batera ikasi ez dituzten emakume horien berri izan eta txikiei transmititu ahal izateko».

Karta-sortarekin batera, telazko poltsa batean bilduta, liburuxka bat ere gehitu dute, proposatuz eta azalduz karta horiekin jokatu daitezkeen jokoak. Adin ezberdinetako haurrentzako jolasak daude bertan.

«Mahai jolasaren bitartez, etxean nahiz eskolan hezkidetza lantzeko tresna eskaini nahi dugu, jendartean eragingo duen baliabidea izatea nahiko genukeelako», adierazi dute.

12 euroan eskuratu ahal izango da, beraien web orrian: www.kalaka.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!