zinea

'6000 metroan ere' pelikula jarriko dute Oronan, asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00

Bi txandatan jarriko dute: ikasleei zuzenduta 11:00etan, eta edonorentzako 18:15etan. Doakoa da, baina aurrez egin behar da erreserba.

Mendia, euskera eta gazteen hezkuntza oinarri dituen proiektu bat ekarriko du Orona Fundazioak, bere auditoriora, datorren asteazkenean. 6000 metroan ere filma jarriko dute, kontatzen duena 12 euskal gazteren ibilaldia Everest mendiaren inguruan, 29 egunez.

Modu horretan, munduaren gailurrean euskeraz egitea zuten helburu, Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere izeneko proiektuko partaideek.

Horri buruzko filma da Galarretako Oronaren eraikinean jarriko dutena, bi txandatan: goizeko 11:00etan, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleei bereziki zuzenduta, baina edonorentzat irekia; eta arratsaldeko 18:15etan, herritar guztiei zuzenduta.

Bi saioetarako, doakoa da sarrera, baina aurrez erreserbatu behar da tokia: 943 33 55 88 telefonoan, edo info@oronafundazioa.org helbidean.

12 euskal gazte eta 9 xerpa gazte, elkarrekin
Felipe Uriartek zuzendu eta Mikel Fernandezek egindako filma da 6000 metroan ere, eta 12 euskal gazte horiek ez ezik, protagonista dira 9 xerpa gazte ere. Elkarrekin egin zuten ibilaldia, Imja Tse (6187 metro) eta Lobuje Ri (6119 metro) mendietan barrena, «kirol-, kultura- eta giza-abentura bat» konpartitzeko. Izan ere, bakoitzak bere kultura eta hizkuntza eman zien ezagutzera, besteei.

2010ean jaio zen Oxigenoa euskarari proiektua, Laudion, gazteen artean euskera sustatzeko; eta 2018an gauzatu zuen 6000 metroan ere proiektua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!