omenaldia

«Oso langilea, borrokalaria eta umila zen Carmen; horrelako aitortzek emozionatu egiten gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00

Carmen Adarragaren senideak, udal ordezkariak eta Berdintasun Kontseiluko kideak, atzoko ekitaldian.

Carmen Adarraga Elizaran zenaren omenez, bere izena jarri diote atletismo pistaren ondoko parke estaliari, eta berari eskainitako plaka bat ere jarri dute. «Oso harro eta zoriontsu» hartu zuten aitortza, Adarragaren senideek.

Andre Kalearekin hasi zuen Hernaniko Udalak, Berdintasun Kontseiluak proposatuta, «kale izendegia feminizatu eta herriko kaleak emakumeentzat berreskuratzeko ahalegina». Eta bide horretan, Carmen Adarraga Elizaran kirolari hernaniarrari egin diote aitortza, oraingoan: atletismo pistaren ondoko parkeak bere izena darama, atzo eguerditik. Omenaldi eta inaugurazio ekitaldia egin zuten, Adarragaren senideak, udal ordezkariak, Berdintasun Kontseilukoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak edota CD Hernanikoak bertan zirela.

«Emakume aitzindaria, langilea eta borrokalaria izan zen Carmen, eta kirolari bikaina. Horregatik, aitortza egin nahi genion», nabarmendu zuen Xabier Lertxundi alkateak: «bazen garaia, kale eta tokiak emakumeentzat berreskuratzekoa». Zentzu horretan, Berdintasun Kontseiluko Ixiar Pagoagak azaldu zuen, proposamen hori egiteko arrazoia: «kaleen emakume izen guztiak, Ama Birjin edota santak ziren. Hori aldatu nahi genuen, eta emakume errealen izenak jarri. Carmenena izan da aurreneko pausoa».

«Bere garairako oso pertsona aurreratua izan arren, oso umila zen gure ama»
Lore eskaintza egin zieten Carmen Adarraga Elizaranen senideei, eta haren semeetako batek, Tito Irazustak, hartu zuen hitza: «ama oso pertsona aurreratua zen bere garairako, baina oso umila zen; urduri jartzen zen elkarrizketa bat eskatzen ziotenean, berak zioen ez zuela ezer egin. Kirol guztietan aritu zen, eta lortu zuen beharbada munduan beste inon gertatu ez dena; Hernanin nesken saskibaloi taldea sortzea, mutilena baino lehenago. Oso langilea zen. Horrelako aitortzek, emozionatu egiten gaituzte. Oso harro eta zoriontsu gaude».

Berari eskainitako plaka bat jarri dute, parkearen albo batean, Carmen Adarraga nor izan zen azalduz. 1921ean jaio zen Hernanin, eta saskibaloian ez ezik, eskubaloian eta belar hockeyan lehiatu zen, emakumezkoak kirolean aritzea ondo ikusita ez zegoen garian. 2004 urtean hil zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!