Boleibola

Goierri eta gasteiztarren kontra etxean, seniorretako bi taldeak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00

Berriro ere garaipenen bidera bueltatzen saiatuko dira seniorretako bi taldeak.

Azken asteburuko emaitzak ahaztu eta aurrekora bueltatzea dute gaur helburu, Hernaniko neska mutilek. Etxean ariko dira biak, arratsaldean.

Asteburuan jokatzekoak diren sei partiduetatik lau, etxean jokatuko dituzte Hernaniko boleibol taldeek, eta seniorretako biek horixe izango dute aldeko, pasa den asteburuko emaitzei buelta eman eta aurreko bidera bueltatzeko, nahiz eta aurrekoan ere etxean aritu ziren.

Mutilak izango dira jokatzen aurrenekoak, Euskal Ligan. Arratsaldeko 16:00etan hasita, Gasteizko Aranbizkarra izango dute aurrez aurre. Neskak, berriz, Gipuzkoako Ligan, arratsaldeko 18:00etan ariko dira. Kasu honetan, Goierriren kontra aritu beharko dute.

Gainontzeko lau partiduetatik beste bi ere, etxean jokatuko dituzte hernaniarrek. Batetik, Gipuzkoako Ligan ari den kadeteetako nesken bigarren taldea ariko da etxean, gaur, 13:00ean; Summa Aldapeta 2ren kontra neurtu beharko ditu indarrak. Bestetik, Liga berean, infantiletako nesken bigarren taldea etxean ariko da, ordu berean eta aurkari beraren kontra.

Kadeteetako nesken aurreneko taldeak, berriz, Tolosan jokatuko du 11:30etan, Laskorainen kontra, eta infantilak Donostiako Pio Barojan izango dira 11:00etan, Fortuna Txikiren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!