PALA

Irazustabarrenak eta Arrietak txapela; Maziziorrek eta Urdangarinek, gertu

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 00:00

Irazustabarrena eta Arrieta txapelekin, eta dominekin Mazizior eta Urdangarin.

Euskal Herriko Liga irabazi zuten nagusien mailako hernaniarrek; eta bigarren postuan bukatu zuten jubenilek, jardunaldia irabazita

Asteburu ederra izan da joan dena, Hernaniko neska palistentzat. Euskal Herriko Liga irabazi dute Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta nagusiek, finalean erraz nagusituta Su-Berriko bikotearen aurrean (30-8).

Eta txapela oso gertu izan dute Enara Mazizior eta Garazi Urdangarin jubenilek ere. Bigarren jardunaldian bezala, partidu guztiak irabazi zituzten hirugarrenean ere, Legution, finala barne; eta bigarren postuan bukatu dute Euskal Herriko Liga. «Txapela ekartzea merezi zuten, ez da justua izan», adierazi dute klubetik. Izan ere, aurreneko jardunaldian Gure Pilotaren kontra galdu zuten (13-15), eta kontrarioetako bat lesionatu zen partidu horretan. Ondorioz, gainerako taldeek 15-0 emaitza jaso dute, Gure Pilotaren kontra jokatu behar zituzten partiduetan, eta horri esker hartu diete aurrea, hernaniarrei. «Oso txapelketa ona jokatu dute», nabarmendu dute klubetik: «kontuan hartu behar da, Mazizior kadetea dela oraindik, eta gainerako guztiak jubenilak zirela».

Eta kadete mailan, azkenik, hirugarren postuan bukatu dute txapelketa, Ane Kerejetak, Alaitz Barrenetxeak eta Maddi Iriondok. Hirugarren izan ziren, baita ere, ligako azkeneko jardunaldian, Ataunen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!