Errugbia

«Taldearen pentsamoldea aldatu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 25a, 00:00

Kane, Manu eta Thomas gustora ari dira Hernanin jokatzen.

Zeelanda Berria, Tonga eta Frantziatik etorri dira Kane, Manu eta Thomas, Hernaniko ohorezko mailara. Gustura daude, gaurko derbirako gogoz; «errugbiaren festa haundia izango dela esan digute!». Ordizia hartuko dute Landaren, 16:00etan.

Ligako bigarren itzuliko hirugarren partidua jokatuko du gaur Hernanik, eta ez nolanahikoa, gainera: Ordiziaren kontrako derbia izango da Landaren, 16:00etan.

Oraingoz partidu bakarra irabazita, larri dabil Hernani. Baina ez dago ezer galduta; Hernanik ez du berehalakoan etsitzen. Hala nabaritu dute taldera iritsi berrienek ere: Kane Todd Prentice, 25 urteko Zeelanda Berriko jokalariak; Manu Loketi, 22 urteko Tongako gazteak; eta Thomas Lapeyre, 26 urteko frantziarrak. «Jarrera eta giroari dagokionez ezagututako talderik onenetakoa da Hernani», haientzat, eta haien «onena klubarentzat emateko prest» daude.

Nola iritsi zarete Hernanira?
T.L.: Italian jokatzen nuen orain hiru hilabete, baina gaizki pasatzen ari nintzen klub horretan. Horregatik, irteeraren baten bila hasi nintzen, beste klub batean. Harreman pertsonal baten bidez Hernanirekin jarri nintzen harremanetan, eta aukera sortu zen. Polidori entrenatzailearekin, frantziarra, baita ere, harreman ona izan dut. Hitz egiten aritu ginen eta kluba gustatu zitzaidan. Bertako jendearekin dagoen integrazio mailak erakarri ninduen, eta ikusi dut hala dela, jendeak oso harrera ona egiten duela. Denak saiatzen dira ondo egon gaitezen. Klubaren babesa sentitzen dugu, eta herriak kluba babesten duela.
K.T.: Nirekin errugbi agente bat jarri zen harremanetan, hura utzi baino hiru aste lehenago. Zeelanda Berriko errugbi denboraldia bukatu berria nuen, eta etorri egin nintzen. Hegazkina hartu, eta hementxe nago!
M.L.: Ni ere antzeko. Zeelanda Berrian nengoen, eta etxera bueltatu nintzenean, norbait harremanetan jarri zen nirekin facebook bidez, ea Hernanira jokatzera joateko prest egongo nintzatekeen. Esperientzia berria bat izangozela pentsatu, eta etorri egin naiz!

Ohikoa da zuentzat mugitzea errugbian aritzeko?
K.T.: Ni lanean ari nintzen Zeelanda Berrian, eraikuntzan. Ez dut lehenago bidaiatu jokatzeko, gertu jokatzen dut. Aurreneko aldia da horrelako bidaia bat egiten dudana.
M.L.: Japonian jokatu dut lehenago.
T.L.: Ni profesionaletan aritzen naiz. Eskozian jokatu dut, eta orain Italian nengoen. Eta, noski, Frantzian aritu naiz.

Noiz hasi zineten errugbian?
K.T.: Gogoratu dezakedanetik jokatu dut! Nire bizitzako parte da.
T.L.: Zeelanda Berrian errugbia dena da.
M.L.: Ni 9 urterekin hasi nintzen, eta niretzako ere bizitzaren parte da.
T.L.: Ni 16 urterekin hasi nintzen, lagun batzuk jokatzen zutelako. Aukerak izan nituen eta saiatu egin nitzen.

Desberdintasun haundia dago beste herrialdeetako eta hemengo Ligako mailan?
T.L.: Frantzian, adibidez, arbitroen maila ez da berdina, eta jokoa ere ez. Jokalari asko fisiko haundikoak izaten dira, baina azkar jokatzen dute, eta jokoa oinarritzen da antolakuntzan eta diziplinan. Eta uste dut Zeelanda Berrian askoz ere maila hobea dagoela.
M.L.: Bai. Errugbi klub batean zaudenean, umetatik helduarora iritsi arte egoten zara bertan, profesionaletara iritsi arte. Umetatik prestatzen gara horretarako.
K.T.: Bertako kirol nagusia da.

Arbitroetan ere aldea dago orduan?
K.T.: Bai! Ikaragarria da!
T.L.: Normalean arbitroaren arabera jokatu behar dugu, baina arbitrajea zuzena izaten da. Hemen, ohitu egin behar dugu, ez baitakigu penalizatu edo abantaila emango diguten. Ez daukate erreferentziarik, txilibitua jotzeko. Eta gu despistatu egiten gara.

Zer espero duzue Ligan? Hernani azkena dijoa...
T.L.: Kluba jaitsi badaiteke ere, guk eraiki dezakegu proiektu bat klubarekin, herriarekin. Uste dut Espainiako Ligan badagoela aukera profesionalek bezala jokatzeko. Jaitsita ere, jarraitu egin nahi nuke, gazteetan balio garrantzitsuak daudelako. Material ona dago. Harremana mantendu nahi nuke berriro hazi eta etorkizunean igotzeko.
M.L.: Edozer gertatu daiteke, baina jokatu behar dugu profesionalak bezala. Ni profesionala izan naiz eta entrenamenduak hemen desberdin ikusten ditut. Entrenatzen dugu, baina ondo pasata. Baina han, entrenatu ondoren txikituta egoten gara. Bideoak ikusten ditugu jokoa aztertzeko, hobetzeko... Hemen ere izan gaitezke talde onena, baina gauza txiki batzuk aldatu behar ditugu klubean.
T.L.: Taldearen pentsamoldea aldatu behar dugu pixka bat.
K.T.: Profesional izan nahi baduzu, entrenamenduak antzekoaizan behar luke. Han nik ere lan egiten dut, eta hala ere joaten naiz gimnasiora.

Nolako maila ikusten duzue beste taldeetako jokalarietan?
T.L.: Atzerritar asko dago, Zeelanda Berria edo Argentinakoa. Ez dago bertako jokalari asko. hernani da bakarrenetakoa jokalarien %90 edo gehiago bertakoak dituena. Iruditzen zait muga jarri beharko litzatekeela selekzio on bat edukitzeko. Gustatzen zait Hernaniren filosofia.
M.L.: Zeelanda Berriko jokalariak edukitzean jokoa hazten laguntzen du, kopiatuz, nola jokatzen duten ikusita, eta beraiek ere kluba laguntzen dutelako. Hernanin gu oraindik ikasten ari gara, eta hiru bakarrik gara. Beraientzako jokatu behar dugu eta zaila da, ez dakigulako euskeraz edo gaztelaniaz. Baina gure onena ematen dugu klubarentzat. 

Eta bertako jokalariak?
T.L.: Hernaniarrak saiatzen dira gure jokoa ulertzen, oso ondo hartu gaituzte. Jarrera eta giroari dagokionez ezagututako talderik onenetakoa da Hernani. Jokoari dagokionez, saiatu behar dugu pentsamoldea aldatzen, diziplinatuagoak izateko, profesionalak bezala. Polidori ere saiatzen da horretan.

Ordizia indartsu dago, laugarren dijoa. Zer espero duzue derbitik?
T.L.: Aipatu digute denboraldiko partidu garrantzitsuenetakoa izango dela, inguruko jende asko etorriko dela ikustera, eta errugbiaren festa haundia izango dela. Jokoari dagokionez, saiatuko gara irabazten, irabazi beharra daukagu!

Liga bukatzean mailaz jaitsiz gero, zer?
K.T.: Gaizki sentituko naiz, taldearengatik, klubarengatik, herriarengatik. Gustatuko litzaidake ahalik eta gorenen geratzea.
T. L.: Ez dago gure agendan. Ez dago ezer galduta.
K.T.: Oraindik ere bide luzea geratzen da, eta horri eutsi behar diogu! 

 

«Gureak ausartak dira, zelaian berdintzen dira»

 

Etxea eta jatekoa jarri die klubak 3 jokalariei, eta soldata sinbolikoa. «Aurrenekoz jo dugu horretara» dio lehendakariak, «taldea orekatzeko».

 

Profesionaltasunera bidean badu lana Hernaniko errugbi elkarteak, Juan Rodriguez lehendakariaren esanetan. «Gure jokalariak 06:00etan jaiki behar dute lanera joateko, eta asteburuan jokatuta ez daukate astelehena errekuperatzeko, atzerritarrek bezala. Hor hasten da profesionaltasuna». 

Sevillaren adibidea jarri du. «Udalak 100.000 euro eman dizkie igotzeagatik, eta denetik fitxatu dute. Hemengo jokalarien fisikoa ez da errugbi jokalariena. Gureek hirugarren txoketik aurrera ezin dute, 1,70 edo 1,80 neurtzea txikia baita, baina horrelakoak gara! Orain gainera, denak zaindu egiten dira, eta ez dauzkagu garai bateko jokalari haundiak. Nabaritu egiten da aurreneko lerroan. Horregatik haundi xamar batzuk ekarri ditugu, taldea orekatzeko. Bestela, gerran lanzak tankeen kontra bezala aritzen gara. Baina gureak ausartak dira eta korrika ari direnean, zelaian, berdindu egiten dira. Baina aurreko partiduan, adibidez, bost lesio izan genituen».

Hain zuzen, hori da klubaren kezketako bat, eta bertako jokalarien aldeko apustua egiteko filosofiari eusten badio ere, mugitzen hasi da. «Aurrenekoz jo dugu honetara. Ikusten ari gara jendea ez dela gozatzen ari: jende falta, arazo fisikoak... Bi arazo dauzkagu: jokalarien segurtasun fisikoa eta bidaiek eta abarrek eragiten duten arazo ekonomikoa». Horregatik, nabarmendu du aurten laguntza ekartzeko moduan egonda aprobetxatu egin dutela, «ea kategoria salbatzen dugun». Aurrera begira, berriz, Atletico SS eta Bera Berarekin hitzarmena lortzen saiatzen ari dira; «ea denen artean nahikoa jokalari biltzen ditugun».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!