Errugbia

Hernanik 39-25 galdu zuen Madrilen Cisneros aurkari zuzenaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 21a, 00:00

Mikel Perez baloiarekin. Argazki HET

Salbazioa hamaika puntura du orain Landareko taldeak eta promozioa zortzi puntura.

Hernanik partidu garrantzitsua zuen igandean Complutense Cisnerosen kontra eta 39-25 galdu zuen. Azken eta azkenaurrekoaren arteko norgehiagoka zen eta hernaniarrek ezin izan zuten garaipena lortu Madrilgo Central errugbi zelaian. Emaitza honekin zail jarri zaio Ohorezko Mailan mantentzea. 
Hamahiru jardunaldi jokatu dira eta hernaniarrek zazpi puntu dituzte eta azkenak daude sailkatuak. Complutense Cisneros da hamaikagarrena, azkenaurrena, orain hamabost punturekin. Beraz promozio postua zortzi puntura aldendu da eta averagea madrildarren aldekoa da. Salbazio postuan, hamargarrena, Bathco Santander dago kokatua 18 punturekin, hamaika puntura. 
Hernani lehian egon zen partiduan, 27-25, azken minutuetara arte, baina zazpi faltan lortu zuten azkenaurreko entsegua etxekoek eta azken minutuan itxi zuten partidua azken entseguarekin.

Derbia Ordiziaren kontra, larunbatean
Hala ere, Hernanik ez du itsaropena galtzen eta larunbatean Ordiziaren aurka jokatuko du derbi gipuzkoarra, Landaren, 16:00etatik aurrera. Bigarren garaipena beharrezkoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!