Bertsolaritza

Andoni Rekondok irabazi du Tabernetako Bertso Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 21a, 00:00
Andoni Rekondo, txapelarekin, bukaerako agurra kantatzen.

Debutariak jantzi zuen txapela, Garin tabernan, Jon Altuna 'Oxan' beteranoarekin buruz burukoa jokatu ondoren. Giro ederra izan zen.

Primerako giroa, umorea eta bertso onak. Osagai guztiak izan zituen Tabernetako Bertso Txapelketak, igandean Garin tabernan, gau ederra pasatzeko. Eta dozena bat partehartzaileren artean, Andoni Rekondok jantzi zuen txapela, buruz burukoan Jon Altuna Oxanekin aritu ondoren. Debutariak hartu zion aurrea, beteranoari.

Mota guztietako ariketak osatu behar izan zituzten bertsolariek; gehienak, guztiz ez ohikoak. Esaterako, bigarren fasean egin zuten, telefono puskatuarena, bi multzo osatuta. Oier Iurramendi gai-jartzaileak istorio bana kontatu zion multzo bakoitzeko aurrenekoari, gainerakoek entzun gabe; eta banan-banan joan ziren elkarri istorioa bertsotan kontatzen, txandatik txandara aldatu zelarik, batzuetan gutxiago eta besteetan gehiago. Istorioetako bat izan zen trikuarena: Mutriku izeneko herri bat badela jakin du, eta hara joan nahi duela eta, garraiobide guztiak baliatu ditu iristeko. Eta bestean, satorra zen protagonista: topo izeneko garraiobide baten berri izan du, eta hura erabili behar duela erabaki du, baina iritsi denean, bertako arduradunak esan dio Donostiako metroa hartzera dijoala. Istorioaren zentzua nahiko ondo mantendu zuten trikuaren istorioan, baina erabat aldatu zuten, satorrarenean...

Ariketa horretatik, sei lagunek egin zuten aurrera: Andonik, Oxanek, Haritzek, Aingeruk, Iñigok eta Josebak. Binaka aritu ziren gero, eta Aingeru eta Joseba geratu ziren kanpoan.

Ixilpeko puntua asmatzen, buruz burukoaren bila
Azkeneko lauen artean, Oxanek lortu zuen buruz burukorako aurreneko txartela. Un, dos, tres telebistako programaren antzera, errimak bota behar izan zituzten, eta lehiaketatik kanporatuta geratu ziren beste hiruak. Errima horiekin bertsoa bota, eta zuzenean lortu zuen pasea Oxanek. Beste hiruei, berriz, Ahetze batu zitzaien, epaileek beste aukera bat emanda.

Hortaz, lau lagun aritu ziren berriro, buruz burukorako bigarren txartelaren bila, beste ariketa berezi batekin: ixilpean eman zien puntua Oierrek, eta bertso bat osatu zuen bakoitzak, puntu hori tartekatuta. Gainerakoek, emandako puntua zein zen asmatu behar zuten. Haritzek botatakoa asmatu zuen Andonik; berea Ahetzek ere bai; Iñigok ez zuen asmatu Ahetzerena; eta Haritzek bai, Iñigorena. Horrela, epaileek erabaki zuten Andoni ariko zela buruz burukoan, Oxanekin.

Eta bukatzeko ere, ariketa xelebre bezain zailak. Batetik, ariketa sin­kronizatua: batek bertsoa bota, eta besteak aldi berean kantatu behar zuen, asmatuz zer esango zuen. Gero, gai sakona, umoretik landu zuten: Bi hartz polar zarete, izotz puska batean bizitzen; baina berotegi efektuagatik, txikitu egin da, eta zerbait pentsatu behar duzue.

Gehiago kosta zitzaien beste­arena asmatzen, baina bertso ederrak osatu zituzten biek; eta azkenean, Andoni aukeratu zu­ten txapeldun, epaileek. Ain­ge­ru Otxotorenak, iazko irabazleak, jantzi zion txapela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!