Ez da txotx irekiera ekitaldirik izango aurten Hernanin, denboraldiaren inaugurazio ekitaldiak «asko ugaritu» direlako, eta Astigarragakoa «hain ezaguna» izanda, argi geratzen delako horrekin, noiz hasten den txotx denboraldi berria, bailaran. Hala azaldu du Txotx Mahaiak.
Beraz, txotx irekiera ekitaldirik gabe ere, dagoeneko martxan da sagardotegi denboraldi berria, Hernanin ere. Eta urtero bezala, sagardozale ugari etorriko dira, herriko 12 sagardotegietara. Guztien artean, otordu bakoitzeko 1.800 lagunentzako tokia eskaintzen dute, Udalak azaldu duenez. Eta denboraldi osorako, 60.000 lagunentzako erreserba jasotzen dute, gutxi gorabehera; horietatik ia erdia, martxorako.
Hortaz, asko izaten dira garai honetan, herrian hartzen dituen bisitariak; eta baita herrira etortzen diren autobusak ere. Joan den urtean, 466 autobus zenbatu zituen Udalak; gutxi gorabehera, 24.000 lagun ekarri zituztenak. Trenean, autobus erregularrean edota autoan etortzen dira gainerakoak.
Botilako uzta berriari indarra, Uztaberri Egunarekin
Baina sagardoarekin lotutako ekitaldi berezirik bai, izango da Hernanin, aurten ere. Txotxak indar haundiena daukan arren, «sagardo sektorearentzat eta kontsumitzailearentzat garrantzia» dauka botilako uzta berriak ere, hainbeste garatu ez den arren. Horri indarra eman nahi dio, hain justu, maiatzean ospatuko den ekitaldiak.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta, aurreko urtean bezala, Uztaberri Eguna egingo dute maiatzaren 16an, Atsegindegin. Bertan, uzta berria botilan dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, eta horren inguruan, makina bat ekintza antolatuko dituzte; bai egunean bertan, eta baita aurreko egunetan ere.
Aurtengo Euskal Sagardoaren uzta botiralatu berri egongo den garaian, horri buruzko informazioa emango dute Uztaberri egunean, eta baita Euskal Sagardoari buruzkoa ere, orokorrean. Sagardoaren inguruko ezagutzan ere sakonduko dute, Atsegindegiko ekintzetan.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta Hernaniko Udalaren laguntza izango du Euskal Sagardoak, eta Berriak elkartearekin eta beste hainbat elkarterekin elkarlanean ariko da.
Indarkeria sexistarik gabeko gunea berriro, Nafar Kalean
Bisitari asko izango dira Hernaniko txotx denboldian, beste behin; eta «kopuru haundi» horrek «herritarrengan, batez ere Kaxkoko bizilagunengan, eragin haundia» izango duela kontutan hartuta, hainbat neurri hartuko ditu Udalak, Txotx Mahaiarekin adostuta.
Horrela, kale garbiketa indartuko dute aurten ere, ohi bezala; eta asteburuetan, garbiketa berezia egingo dute Kaxkoan. Kaleko komun gehiago ere jarriko dituzte, ohiko tokietan: Plazan, Atzieta kalean eta Zinkoenean komun mugikorrak jarri, eta Plaza Berriko komun publikoak zabalduko dituzte. Zabalik egongo dira Nafar kalekoak ere, Tiloseta ondokoak. Aurtengo nobedadea izango da, komunak jarriko dituztela Ibaiondo poligonoan ere, autobusek aparkatu ohi duten tokian.
Segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoaren zerbitzua indartuko dute asteburuetan, liskarren prebentzioa egiteko: ohiko zerbitzua bikoiztuko dute, otsailaren 15etik apirilaren bukaerara arte. Ertzaintzak kontrolatuko ditu, aldiz, autobus eta tren geltokiak, eta Kaxkotik kanpoko eremua. «Horrela, udaltzainek arreta guztia jar dezakete Kaxkoko eremuan», azaldu dute.
Zentzu horretan, segurtasun eta informazio gunea ere jarriko dute Plazan, hirugarren urtez, Udaltzaingoak kudeatuta: «2018an jarri genuen aurrenekoz, eta balorazio ona jaso zuela ikusita, berriro jarriko dugu bulegoa», azaldu du Udalak. Helburua da, Udaltzaingoaren zerbitzua «herritarrengana gerturatzea, liskarrak edo erasoak gertatuz gero, herritarrek herrigunean bertan artatzeko aukera izateko». Larunbatero egongo da zabalik, arratsaldeko 18:00etatik goizaldeko 05:00etara.
200 euroko isuna, kalean pixa egiteak
Gainera, nabarmendu dute «arreta berezia» jarriko duela Udaltzaingoak, kalean pixa egiten dutenengan, Izan ere, Kaxkoko bizilagunen artean «kezka haundia sortzen dute jendeak kalean egindako pixek». Horrela, aurreko denboraldian 266 isun jarri zituzten, jakinarazi dutenez; eta aurten ere «indar berezia» jarriko dute horretan: 200 euroko isunak izaten dira; 60 euro, momentuan ordainduz gero. Hori saihesteko, kartelak ere jarriko dituzte, pasabideetan eta ezkutuan gelditzen diren txokoetan, adieraziz 200 euroko isuna duela kalean pixa egiteak.
Segurtasunarekin lotuta, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute Nafar Kalean, aurten ere, iazko esperientzia ondo baloratuta. «Bertan, informazioa, esku-orriak eta pegatinak egongo dira. Erasoa jaso dutenentzako zerbitzua da, eta baita erasoren bat ikusi eta horren berri eman nahi dutenentzat ere», azaldu dute. Arretarako telefono berezia ere jarriko da martxan: 688 685 164. Eta horrez gain, 24 orduz egongo dira erabilgarri, Udaltzaingoaren telefonoa (092) edo larrialdietakoa (112).
Sexu erasoen kontrako Erakunde Arteko Protokoloa aplikatuko dute aurten ere, eta ostalariek jaso dute formakuntza, erasoren bat antzemanez gero, protokoloa martxan jartzeko.
Eta garraioari dagokionez, azkenik, indartu egingo dituzte Hiribusa eta taxi zerbitzua. Sagardotegi guztietatik egingo du ibilbidea Hiribusak asteburuetan, «ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko eta alkoholarekin izan daitezkeen arazoak saihesteko». Eta taxi zerbitzua indartuko da, martxoko larunbatetan bereziki: Hernaniko taxiez gain, Buruntzaldea eta Oarsoaldeako taxiek ere emango dute zerbitzua, Hernanin.