Hernani Errotzen

Historia memoriaren ikuspegitik kontatzeko, lau dokumental

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 17a, 00:00
'Arantzazu harriz herri' jarri da lehenago; 'Oñati herri bizia' estreinatuko da.

Hilaren 23an lau dokumental labur jarriko ditu Hernani Errotzenek, Biterin. 

«Iragana aztertzerakoan, bi ikuspegitik, behintzat, begiratu ditzakegu gertakari historikoak: Historiatik eta Memoriatik», azaldu du Hernani Errotzenek. Hain zuzen, memoria oinarri duten lau dokumental labur ekoitzi ditu Nabarralde Fundazioarekin batera, Euskalnafar oroimen lekuak izenburupean, eta Biterin jarriko dituzte datorren ostegunean, hilak 23, 19:00etan hasita.

Lau film labur eta solasaldi
Gai batean oinarritutako lau dokumental dira ikusi ahal izango direnak. Gaia, Euskalnafar oroimen lekuak da, eta dokumentalak, ondorengoak: Zer dira oroimen lekuak; Castillos de defensa baskonabarra; Oñati herri bizia (gaztelaniazko azpitituluekin); eta Arantzazu harriz herri (gaztelaniazko azpititutulekin).

Labur bakoitzaren ondoren solasaldi txiki baterako tartea izango da, «gaiari buruz hausnartzeko».

«Memoria historikoa oinarrizkoa da komunitate nazional baten identitatea eraikitzeko»
Hain zuzuen, Hernani Errotzenek azaldu du «historia iraganaren kontaera egiaztagarria» dela, «egungo egoerara heltzeko eman diren gertakarien deskribapen dokumentala». Baina, «memoria historikoa, aldiz, gizarte jakin baten jatorriaren, iraupenaren eta gertaera kate baten interpretazio kolektiboa».

Aldarrikatzen du «memoria gertakari historikoen aurrean hartzen den jarrera subjektiboa» dela; «memoria historikoa oinarrizkoa da komunitate nazional baten identitatea eraikitzeko».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!