Euskal Zinema Zikloa

Ikusmen gaitzak ikusgai pantaila haundian, Ibon Casas hernaniarraren bizipenak oinarri hartuta

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 17a, 00:00

Euskal Zinema Zikloa bukatzeko, 'Apaga la luz y verás' dokumentala ikusi ahal izango da gaur berriro Biterin, 20:00etan.

Atzoko saioan estreinatu zen Axel O'Millek zuzendutako Apaga la luz y verás dokumentala, eta gaur berriro ikusi ahal izango da, Biterin, 20:00etan; hasierako programazioaren ordutegia (19:30) aldatu dute. Euskal Zinema Zikloari bukaera emango zaio horrela.

Ikusmen arazoak, ikusgai
Dokumentala Ibon Casas hernaniarraren borrokaren lekuko da. Erretinosis pigmentarioa ikusmen gaixotasuna dauka, eta dokumentalean zehar, bere egunerokoaren berri eta hainbat pertsonari egin dizkien elkarrizketak tartekatzen dira. 

Hernaniarra, Blind Rock edo Rock Itsua deitu duenaren sortzailea da, eta hainbat helbururekin abiatu zuen ikus-entzuneko bat sortzeko proiektua, 2012 inguruan: Blind Rock izenez deitzen duen bere musika estiloa zabaltzea; erakustea erretinosis pigmentarioa izateagatik ez dituela gaindiezinak diren mugak; eta gaixotasuna ikertu eta aurrerapenak lortzeko dirua biltzea. Ho­rretarako jarri zuen martxan www.dametvision.com proiektu soziala, eta horrela sortu da dokumentala, Apaga la luz y verás kantua oinarri. Berak sortu zuen, eta kantuan oinarritutako hainbat bertsio grabatu ditu azken urteetan hainbat talde eta musikagilerekin.

Zuzendaria, bestalde, Axel O'Mill, lehendik Goya sari bat irabazitakoa da, Hijos de la Tierra izeneko dokumentalagatik. 2016an jaso zuen saria.

'Paseko Txoriak', asteazkenean
Bestalde, akats teknikoak medio, bertan behera geratu zen asteartean Paseko Txoriak dokumentalaren emanaldia. Hilaren 22an jarriko dute Biterin, 19:30etan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!