Pelota

Euskal Herriko Ligan, garaipena eta porrotak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 00:00

Nagusietan Irazustabarrena eta Arrietak irabazi egin dute, eta jubenilek eta kadeteek galdu, estreinakoan.

Euskal Herriko Ligan estreinatu ziren neska nagusiak, jubenilak eta kadeteak, emaitza desberdinekin. Nagusietan, Iruñean jokatu zuten Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak, Oberenaren kontra, eta garaipena lortu zuten (30-17). Jubenilek eta kadeteek ez zuten zorte berdina izan. Sistema berezia izan­go dute: ligaxka eta kanporaketak jokatuko dituzte, txapelketako jardunaldi bakoitzean.

Arabako Abetxukon jokatuko zuten Enara Mazizior eta Garazi Urdangarin jubenilek, Gure Pilotaren kontra, final laurdenetan, eta 15-13 galdu zuten. Maddi Iriondo, Alaitz Barrenetxea eta Ane Kerejeta kadeteek, berriz,  Hernanin hasi zuten txapelketa, eta Elorrio eta Ataunen aurka 20-18 eta 20-17 galdu zituzten jokatutako bi partiduak. Hiru talde hauek ligaxka eta finala jokatuko dituzte.

Juaneneak eta Barrenetxeak Urrizaren bolada eten dute

Erremontean, Juaneneak eta Barrenetxeak Urrizaren bolada ona eten zuten larunbatean Galarretan. Iruñeako aurrelariak 2019 amaiera eta 2020 hasiera ezin hobeak egin ditu, azken partidu denak irabazita, baina saldiastarrak eta hernaniarrak partidu ona jokatu eta Urriza eta Agirrezabalari 40-36 irabazi zieten.

Juaneneak partidu bikaina egin zuen, eta mendean hartu zuen Urriza. Barrenetxea sendo aritu zen atzean, nahiz eta ez egin bere partidurik onena. 23 tanto eta bi hutsegite bakarrik egin zituen Juaneneak. Urriza 17 tantotan eta 7 akatsetan geratu zen. Jokaldiak egiten saiatu zen, baina ez zuen asmatu.

Partidua berdinduta hasi zen hamaikana egin zuten arte. Orduan gorriek bost tantoren aldea hartu zuten eta partidu osoan zehar mantendu zuten alde hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!