Boleibola

Garaipen erosoak etxetik kanpo, neska eta mutil seniorrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 00:00
Neska kadeteen taldeko jokalari bat, sakea egiteko prest, larunbatean Hernaniko kiroldegian.

Mutilak gehiago izan ziren Berriozarren, Navarmutilak taldearen kontra; eta neskek Goierri menderatu zuten, jokorik galdu gabe.

Ondo hasi dute urte berria, Her­naniko boleibol taldeek; eta sei partidutik, bost irabazi dituzte, joan den asteburuan.

Berriozarren aritu zen mutil seniorren taldea, Navarmutilak taldearen kontra, Euskal Ligan. Eta desorekatua izan zen par­tidua, nabarmen gehiago izan baitziren hernaniarrak: hiru jokotan lortu zuten garaipena. 20-25 irabazi zuten aurrenekoa, eta erraz lortu zuten bigarrena, 10-25eko emaitzarekin. Hiruga­rre­nean ere, ez zioten aukerarik eman, talde nafa­rrari, eta 14-25 irabazita, garaipen erraza ekarri zuten Hernanira, aurreneko itzulia bukatzeko. Denboraldi erdia jokatuta, bosgarren pos­tuan dago sailkatuta Hernani, Udapa Lankide laugarrenarekin berdinduta, sei garaipen eta hiru porrotarekin.

Gainera, aurreneko itzulian partidu gehiago jokatu dituzte kanpoan, etxean baino. Hortaz, etxean dauzkate gehiago orain, bigarren itzulian, eta sailkape­nean gora egitea izango dute hel­buru, liga bukatu bitartean. Une honetan, soilik garaipen bat gehiagorekin daude Voleyviña eta Navarvoley.

 

Irekieran bezala, Gipuzkoako Ligan ere nagusi neskak

Neska seniorrek, bere aldetik, hasiera eman zioten Gipuzkoako Ligari, behin Irekiera Txapelketa bukatuta. Eta aurreko hori po­rrotarik gabe bukatu bazuten, nagusitasunez ekin diote be­rriari ere: 0-3 irabazi zuten Urre­txun, Goierriren kontra.

Baja dezente izan arren, ez zuten barkatu hernaniarrek, eta hasieratik izan ziren gehiago. 9-25 irabazi zuten aurreneko jokoa, 17-25 bigarrena, eta estu­agoa izan zen hirugarrena, bai­na partidua ixtea lortu zuten, 23-25 nagusituta. Oraingoz, den­boraldi borobila daramakite neska seniorrek, jokatutako par­tidu guztiak irabazita.

 

Porrota bakarra, neska kadeteen talde batek

Gainerakoan ere, asteburu bi­kaina izan da Hernaniko talde­entzat. Neska infantiletan, bi taldeek lortu zuten garaipena. Tolosan jokatu zuten aurreneko urtekoek, Laskorain taldearen kontra; eta partidu gogorrean, 1-3 irabazi zuten: 24-26, 12-25, 25-14 eta 22-25. Errazago nagusitu zen infantilen beste taldea, bigarren urtekoena, Lizardiren kontra: 25-5, 25-20 eta 25-21.

Neska kadeteetan jaso zuen, taldeetako batek, asteburuko po­rrota bakarra. Aurreneko urte­­koek ez zuten aukerarik izan, Fortuna 1 taldearen kontra, eta 0-3 galdu zuten etxean: 8-25, 18-25 eta 15-25. Alderantziz gertatu zitzaion bigarren urtekoen tal­deari. Etxean aritu ziren haiek ere, Lizardiren kontra, eta erraz nagusitu ziren: 25-10, 25-9 eta 25-16. Denboraldi sendoari segi­da eman zioten horrela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!