igeriketa

Lau hernaniarrek hobetu dituzte markak Gipuzkoako Kluben Kopan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 00:00
Hernani taldeko Intza Pagola, Inge Zabala eta Xabier Huitzi.

Hernani taldeko Intza Pagola, Inge Zabala, Xabier Huitzi eta Fortunako Enaitz Goñi Irungo Azken Portun aritu dira A eta B mailetan.

Asteburuan, bi egunetan, Gipuzkoako Kluben Kopa jokatu da Irungo Azken Portu igerilekuan eta bertan lau igerilari hernaniar aritu dira bi talde ordezkatzen. Inge Zabala, Intza Pagola eta Xabier Huitzik, B mailan, Hernani igeriketa taldea ordezkatu dute eta Enaitz Goñik, A mailan, Fortuna taldea.

Lauek beraien markak hobetu dituzte ia proba guztietan. Sailkapen orokorrean Hernani zazpigarren geratu zen B mailan eta Fortuna hirugarren A mailan.

Tolosaldeak irabazi du Kopa sailkapen bateratuan, baita nesken sailkapenean ere. Mutiletan Bidasoak lortu zuen garaipena. B mailan Zubiaurrek, nesketan, Ordiziak mutiletan eta bateratuan lortu zuten garaipena.

Markei dagokionez aipatzekoa da Enaitz Goñik bere lau probetan (50, 100, 200 bizkar eta 400 estiloetan) lortutako hobekuntza. Espainiako minimetatik oso gertu geratu da denetan.  Orain bi aste Bizkaiako sarian egindako 4:54, 400 estiloetan, hiru segundotan hobetu zuen, 4:51.70 markarekin. Xabier Huitzik 50 tximeletan 30.70 denborarekin marka ona egin zuen. 100 libretan (1:04.56) eta 100 eta 200 tximeletan ere aritu zen. Intza Pagola 50 eta 100 libre, 50 bular eta 100 estiloetan aritu zen eta Inge Zabala; 100 libre, 100 estilo eta 50 bizkarren.

Larunbata honetan ere igeriketa txapelketak egongo dira igerilari benjamin eta alebinentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!