arrauna

10 batel uretaratu ditu Hernanik, Ligan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 14a, 00:00

Martutenen jokatu da Gipuzkoako Batel Ligako aurreneko estropada. Nesken 6 batel, eta mutilen 4 atera ditu Hernanik.

Hasi dira lanean Hernaniko Arraun Elkarteko batelak. Gipuzkoako Batel Ligari eman diote hasiera asteburuan, Martutenen jokatu den estropadan, eta denera, 10 batel uretaratu ditu Hernanik.

Bateletako sei, neskek osatuak dira: haurren mailako bi, promesetako beste bi, eta absolutuetako beste bi; horietako bat mixtoa. Mutilenak, berriz, lau batel dira: infantiletako bat, kadeteetako beste bat eta jubeniletako bi.

Nuerria hartzen, aurreneko estropadan
Hasi besterik ez da egin Batel Liga, eta hernaniarrak ondo aritu dira. Aurreneko estropadak kokatzeko balio izan die, batel guztiei.

Emaitzarik onenak promesetako neskek izan dituzte. 18 batel ontziratu ziren, eta Hernaniko batek 4garren egin zuen, 07:23,80eko denborarekin. Beste ontziak, berriz, 13garren, 08:20,26eko denborarekin. Absolutuetan, berriz, aurreneko batela 4garren izan zen, 09:48,51ko denborarekin, eta talde mixtoa 7garren, azkena, 10:16,54 eginda. Neskekin bukatzeko, infantiletako bi batelak 8 eta 10garren postuan iritsi ziren helmugara, hurrenez hurren, 06:03,64 eta 06:23,53 denborekin.

Mutilei dagokienez, infantilek 5garren egin zuten 9 batelen artean, 05:31,63ko denborarekin. Kadeteak, berriz, 11garren izan ziren, 07:22,88 eginda. Eta jubenilek 13 eta 14garren egin zuten, 09:40,77 eta 09:59,27ko denborekin, hurrenez hurren.

Hurrena, otsailean
Aurreneko estropada eginda, tartea pasako da bigarrena jokatzerako: otsailaren 2an izango da, Pasai San Pedron. Dagoen mailari neurria hartzen jarraituko dute hernaniarrek, hurrengo estropadan ere.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!