Lana

«Murrizketekin kendu digutena berreskuratzeko garaia da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00
Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokorra aurkeztu zuen pasa den abenduan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokorra egiteko deia zabaldu du datorren urtarrilaren 30ean: «eskubide sozialen alde».

Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango da, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua. «Euskal sindikatuok eta eragile sozial ugarik (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Sarea...) osatzen dugu Karta».
Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan «planto» egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Pentsiodunen aldarriekin bat egin dugu eta mugimendu bien arteko konfluentzia eman da
Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte-hartzaile baten bidez. «Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditugu. Orain, mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia. Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzea, jubilazio adina murriztea, edota eros-ahalmena legez bermatzea».

Prekarietatearekin amaitu eta lan eta bizi baldintzak duintzeko neurriak beharrezkoak dira
Greba Orokorrarekin, eta aurretik lantzen ari diren dinamikarekin, prekarietatearekin amaitu eta lan eta bizi baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra jarri dute mahai gainean, horien artean: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.
Era berean, «egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea erreklamatzen dugu; alokairu sozialeko etxebizitzak bermatzea, zein menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea».
«Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko, eta dagozkigun eskubideen alde kalera ateratzeko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal, patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka» diote Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karteko kideek.

«Presioa egitea beharrezkoa da patronala eta instituzioen aurrean»
Honela gauzak, erabaki dute «krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzea. Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika abiatzea».
«Ondo dakigu presioa egitea beharrezkoa dela patronalak eta instituzioek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Espainiar Gobernua) gure eskakizunen aurrean amore eman dezaten». Horregatik, urtarrilaren 30ean, Greba Orokorra egiteko deia zabaldu diete herritarrei.

Pentsionistak bi urte 
daramatzate eskubideak eskatzen eta pentsio duinak bermatzeko borrokan
Astelehenenetik astelehenera, 13.000 pentsiodun ehun bat herritako plazak betetzen dituzte Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan eta dozena bat manifestazio jendetsu egin dituzte, «baina oraindik ez ditugu llortu gutxieneko helburuak». 
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak horretan lagunduko duela diote Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Eta jubilatuei dei egiten diete baita Greba egitera.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!