Hernanitik Zarautzera tximeleten moduan, hegan, eraman du irakurlea Maixa Zugasti Hernanin bizi den tolosarrak, lan berrian. Tximeletak hondartzan gaztetxoentzako ipuinak, Hernaniko Inmakulada ikastetxeko istorioak ditu oinarri, eta Zarauzko parajeak, aldiz, kokaleku.
Azkeneko lana argitaratu aurretik, tximeleten moduan egin du bidaia berak ere. Hiru lan argitaratu ditu, hiru urtetan: L.A.A argitaratu zuen 2017an; Ahotsak eta itzalak, 2018an; eta Tximeletak hondartzan lanarekin bukatu zuen 2019an.
Azken honekin, gainera, beste hegaldi bat ere hasi du, gaztetxoen literaturarantz.
Adela eta Ane, protagonista
Hori guztia kontatzeko, bi neskatxa ditu Zugastik protagonistatzat, Adela eta Ane: «bi mundu elkartzen dira», dio. Adelak islatzen du bat: «nire ikasle baten [Inmakulada ikastetxean da irakasle] bizimodua daukan neska bat da; harekin, pobrezia islatu nahi izan dut», azaltzen du. Errealitate «oso gogorra» bizitzen duen neskatxa da Adela, Zugastiren ikasle batzuen antzerakoa: «Duela urte batzuk tutoregintzan neska bat eduki nuen Adela bezala bizi zena, amarekin; ohe berean lo egiten zuten eta etxebizitza beste familia batekin elkarbanatu behar zuten», onartzen du. Adelaren pertsonaiaren gain hori bakarrik ez, beste istorio bat ere lotu nahi izan du: «beste behin, senide batzuk izan nituen, aitak abandonatu zituena. Amak, borondate onez, aitaren istorio bat kontatu zien, asmatutakoa; bere horretan geratu zen, baina ume horiek idealizatzen joan ziren ez zegoen pertsona hori». Eta halako istorioek, askotan, eraginak izaten dituztela dio: «nerabezaroan arazoa da, askotan, idealizatu egiten dutela atzean utzi duten errealitate hori, eta ondorioz, beren herrialdeetara itzuli egin nahi dutela».
Era berean, Ane errealitate «alaiago» baten isla da. Bere istorioak margolan batzuk ditu abiapuntu, Carmen Mirandarenak, hain justu. Duela urte batzuk Ikeder agentziara jo zuen Maixa Zugastik: «bertakoa da Leopoldo Zugaza, eta han ezagutu nituen bere emazte Carmen Mirandaren bi margoak». Zugazak eta Mirandak, Zarauzko beste hainbatekin elkarlanean, Zarauzko Photomuseuma sortu zuten. Hain zuzen, bi elementu horiek elkartzetik sortu du Zugastik Aneren mundua: «Photomuseuma zaharberritzen ari dira, eta bertan dabil Aneren amona margolari moduan». Hori da, hain zuzen, Ane Zarautzen egotearen arrazoia; amonarekin joan da oporretan.
Adela, aldiz, bere amaren nagusien familiarekin dago jaiegunak pasatzen, Adelaren ama eraman baitute, etxekolanetan laguntzera. Adela eta Ane bertan daudela, Zarauzko hondartzan egiten dute topo, «lagunak egiten dira, eta bizitzen dituzte hainbat istorio».
Duela lau urte idatzitakoa
Duela lau urte idatzitako ipuina da, baina egungo errealitatea ere islatzen duena. «Une horretan nire ikasleen mundua islatu nahi nuen, eta ez nuen buruan argitaratzerik», dio Zugastik. Idazterakoan, bere artelanekin zuen lotura ikusita,«Carmeni [Miranda] oparitu nion». Eta horrela geratu zen kontua, 2019ko abendura arte. Durangoko Azokarako argitaratu zuen Erein argitaletxearekin batera, eta bertan egin zuen aurkezpena, gaztetxoenen aurrean. Orain, edozein liburu dendatan aurkitu daiteke.
Errealitate ezberdinak islatzea, helburu
Istorioak berak ez ezik, liburuaren izenburuak, baita bertan agertzen diren ilustrazioek ere, azalpen berezia dute. Izenburuak Maixa Zugasti beraren bizipenak ditu oinarri: «Zarauzko hondartzara asko joaten gara udaran. Oso goiz joaten gara, buelta bat ematen dugu, eta ondoren, irakurtzen aritzen naiz. Egun batean, tximeleta txikitxo batzuk agertu zitzaizkidan ondoan. Pena eman zidaten: han ikusten dituzu, hondartza batean, arriskuz inguratuta».
Hori da, hain zuzen, Zugastiren ikasleek bizi dutena, errealitate gogorrei aurre egin beharra: «mundu ezberdin asko dago ezkutuan, eta askotan, ez gara konsziente». Mundu hori agertu nahi izan du, hain zuzen, lan honetan.
Lan honetan, baita aurreko bietan ere, errealitatea izan du Zugastik abiapuntutzat: «nahiz eta gero fikzioa egin, oso garrantzitsua da abiapuntua. Eta hori bada nire errealitatea». Bere kasuan, «zartada bat» jasotzen du, eta gero, lanean jartzen du burua, inguruan begiratuz. Kasu honetan, argi zeukan: «nire ikasleen errealitateaz idatzi nahi nuen».
Idatziz nahiz ilustrazioen bidez egin du, gainera, lan hori. Ilustrazioetarako, Aitziber Alonsorekin jarri zen harremanetan orain lau urte, istorioa idatzi zuenean: «inoiz argitaratzen ez banuen ere, nire istorioarentzat ilustrazioak nahi nituen». Orduan egin zituen Alonsok liburuan argitaratzen diren irudietako batzuk; beste batzuk, aldiz, orain eskatu dizkio Erein argitaletxeak, ilustratzaile berari.
Irun Hiria Saria, bultzada
2017an argitaratu zuen Maixa Zugasti Hernanin bizi den tolosarrak bere lehenengo eleberria. Kutxa Fundazioak urtero antolatzen duen Irun Hiria Sariari lotuta izan zen, eta hari esker kaleratu zuen L.A.A. helduentzako eleberria. Sari horrek ateak ireki dizkiola onartzen du, eta bultzada horren ondorio da, baita ere, Tximeletak hondartzan argitaratu izana: «Irun Hiria Sariari esker ausartu nintzen Erein argitaletxean erakustera neuzkan lanak», onartzen du. Eta denborak erakutsi dio erabaki zuzena izan zela; 2018an, kaleratu zuen Ahotsak eta itzalak eleberria, eta aurreko urtearen bukaeran, bere azken lana: «ez nuen pentsatzen liburu bezala ikusiko nituenik!».