Dirulaguntzak

Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza deialdia zabalik

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 11a, 00:00

2019ko irailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak, eta bakarkakoa zein bizikidetza-unitatekoa lagunduko dira.

Bosgarren urtea da Hernaniko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratutako laguntzak eskaintzen dituela. Dirulaguntza horiek bi helburu nagusi dituzte: gazteak, bereziki, emantzipazio bidean laguntzea eta herrian etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdia Hernaniko herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerakoei zuzendua dago. 

Dirulaguntza horietarako 219.000 euro bideratu dira. Bi modalitate daude: gazteenak (18-35 urte bitartekoak) 136.000 euroko partida du, eta helduenak (36 urtetik gorakoak) 83.000 euroko partida.

2019ko deialdian kontuan izateko hainbat aldaketa daude.  Batetik, diruz lagunduko diren alokairu-gastuen epea luzatu egin da. 12 hilabetekoa izan ordez, 16 hilabetekoa izango da. Beraz, diruz lagunduko dira 2019ko irailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarteko alokairu-gastuak. 
Bestetik, eskatzaile motak ere aldatu egin dira. Bi eskatzaile mota daude: bakarkakoa edo bizikidetza-unitatekoa. Ez dira bizikidetza-unitatetzat hartzen senidetasun edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkorrik ez duten pisukideak. Kasu, horietan, bakarkako eskaera egin dezakete. 

Martxoaren 9an amaituko da eskaera egiteko epea

Eskaera egiteko epea 2020ko martxoaren 9an amaituko da. Eskaera-orria eskuragarri dago udalaren web orrian eta Herritarren Harrera Zerbitzuan. Eskaera-orria egoki bete eta be­ha­rrezko dokumentazioa atxikita, udal erregistroan aurkeztu behar da. Aurreko urteetan eskatzaile izan bazara, eta dagoeneko eskatzen den dokumentazioa Udalean badago, ez duzu berriro aurkeztu beharko.

Behin eskaera guztiak aztertuta, beharrezkoa den kasuetan, dokumentazioa eskatzeko epea zabalduko da. Eskatzaileari gutun bidez jakinaraziko zaio zein dokumentazio aurkeztu behar duen.

Maiatza aldera espero da dirulaguntzaren behin behineko ebazpena. Gutun bidez jakinaraziko zaie, baita ere, onuradun izan diren, eta horrela bada, zenbateko dirulaguntza jasoko duten. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Lehen ordainketa ebazpenaren ondoren egingo da, horretarako dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren. Bigarrena, berriz, 2021eko urtarrilean izango da. 

Dirulaguntza hauen kudeaketa, Politika Sozialetako Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak darama. Informazio zehatzagoa behar izanez gero, ondorengo harremanerako bideak daude aukeran: gazteria@hernani.eus, edo 943 337004 (Virna) eta 943 575435 (Maider).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!